Andoaingo SAPA Plasencia konpainiak pauso estrategiko garrantzitsua eman du, Estatu Batuetako armadarekin sinatutako kontratu berriari esker. Aperribay familiaren enpresak 7.000 tankeren transmisio-sistemak ekoitziko ditu, eta horri esker 2040ra arte 5.000 milioi eurotik gorako diru-sarrerak izango ditu.
Akordioa Next Gen programaren baitan gauzatuko da, eta bi fasetan banatuko dute: lehenengoan 4.000 blindatu AEBko armadarako, eta bigarrenean beste 3.000 esportaziorako. Ekoizpena 2028tik aurrera aurreikusten den arren, lehen unitateak jada iristen hasi dira Amerikako armadaren eskuetara. SAPA ez da bakarrik arituko: MTU (Alemania) eta Caterpillar (AEB) enpresekin elkarlanean jardungo du. General Dynamics estatubatuarrak kontratua berretsi du prentsa-ohar baten bidez, nahiz eta SAPAk xehetasun gehiagorik eman ez.
Ibilbide militar luzea
Ez da harreman berria. Raul Blanco estrategia zuzendari exekutiboak gogorarazi duenez, «Espainiak NATOra bat egin zuenetik, SAPA Estatu Batuetako armadarekin elkarlanean ari da». Azken hogei urteetan, enpresak 17 programa militarretan hartu du parte, bai Espainian bai AEVtan. Orain, begirada Europara zabaldu dute, Marte izeneko tankeen proiektuan. Horren barruan, SAPAk izango du mugikortasunaren ardura eta transmisio-sistemen garapena.
Eremu geopolitikoan kokatuta
Kontratu hau ulertzeko, garrantzitsua da testuinguru militar zabalagoa. Quincy Institute-ren arabera, 2023ko urriaren 7tik AEBk 21.700 milioi dolar baino gehiagoko laguntza militarra eman diote Israeli. Horietatik, 17.900 milioi Biden presidente ohiak onartu zituen; Donald Trumpek, gaur egungo agintariak, 3.800 milioi dolarreko gehigarria baimendu zuen. Txosten berean gogoratzen da Bidenek larrialdi-baimena baliatu zuela tanke eta jaurtigaien 254 milioi dolarreko salmenta Kongresuaren gainbegiradarik gabe gauzatzeko.