Osasun Mentalaren Munduko Eguna baliatuta, Eusko Jaurlaritzak eta Osakidetzak berretsi dute helburu nagusia osasun mentaleko arazoak dituzten herritarrei arreta hurbilagoa, integrala eta espezializatua eskaintzea dela. «Osasun mentala ez da bigarren mailako kontua izan behar; gizartearen lehentasunetako bat da», nabarmendu dute.
EAEk, gaur egun, Espainiako Estatuko daturik altuenetako bat du: 100.000 biztanleko 15 psikiatra. Horrek urte hauetan guztietan egindako inbertsioa eta ahalegina erakusten du, eta EAE erreferente bihurtu du arreta psikiatrikoaren arloan. Azken finean, sare publiko sendo bati esker, gero eta pertsona gehiagok jasotzen dute behar duten arreta.
Diziplina anitzeko taldea eta etorkizuneko erronkak
Osasun Sailak urte amaierarako aurkeztuko duen plan berria lantzen ari da jada. Bertan, psikiatrak, haur-psikiatrak, psikologoak, erizainak eta pazienteen ordezkariak ari dira elkarlanean, baita Estatuko aditu nagusiak ere. Helburua argia da: esperientziak batu, tresna berriak diseinatu eta familiei zein pazienteei berme handiagoz laguntzea. 2024an, 120.000 pertsona artatu ziren osasun mentaleko sarean; horietatik 30.000 izan ziren lehen kontsultak, eta jarraipen-saioak erdi milioitik gora. Sare hori 1.600 profesionalek osatzen dute, eta honako baliabideak ditu: lau ospitale psikiatriko (450 ohe guztira), 23 eguneko ospitale, 50 zentro eta hainbat unitate espezializatu.
Osakidetzak lehentasunezko ekimenak ere garatzen ditu, hala nola suizidioaren prebentzioa, lehen gertakari psikotikoetan esku hartzea edo elikadura-nahasmenduen arreta intentsiboa. Aldi berean, azken urteetan estigma soziala apurtzen ari dela adierazi dute, eta horrek ekarri du arreta-eskari handiagoa eta ongizate psikologikoaren inguruko kontzientzia zabaltzea.
Etorkizunerako begirada
Jaurlaritzaren asmoa osasun mentalari ematen zaion lehentasuna sendotzea da eta arreta gero eta espezializatuagoa eskaintzea, ongizate psikologikoa gizarte osoaren erdigunean kokatzeko.