Palestinako herriaren aurkako genozidioa salatzeko deitutako mobilizazioekin bat, urriaren 15ean greba eta lanuzteak egingo dira sektore ugaritan. Horren harira, Eusko Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu, herritarrei oinarrizko arretak bermatzeko asmoz. Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuak, Mikel Torrek, astelehenean sinatu zuen agindua. ««Herritarrei oinarrizko zerbitzuak bermatu behar zaizkie, mobilizazio-egun batean ere»» adierazi du.
Osasun arloa
Ospitaleetan, jaiegun bateko langile kopurua mantenduko da. Larrialdi zerbitzuak, sukaldea, janari banaketa eta garbiketa bermatuko dira, eta dialisiak zein tratamendu onkologiko aurrez zehaztuak etenik gabe egingo dira. Gainera, larrialdi eta osasun-zentro guztiek %100ean jardungo dute, baita OSI guztietako call-centerrak ere. Garraio sanitarioaren larrialdietako zerbitzuak ere aktibo egongo dira.
Gizarte zerbitzuak eta zaintza
Adinekoentzako eta mendekotasuna duten pertsonentzako egoitzetan, zuzenean arreta ematen duen langileriaren %50 mantenduko da. Otordu nagusien ordutegietan (goizeko 08:00-10:30, eguerdiko bazkaria eta gaueko 20:00-22:00 tartea), ehuneko hori %10 igo egingo da.
Mendekotasun handiena duten egoitzetan (II. eta III. gradua dutenen %70etik gorakoa bada), arreta zuzena %70eko estaldurarekin emango da. Gaueko txandan, berriz, arreta osorik bermatuko da (%100). Eguneko zentroetan, bizikidetza etxeetan eta hezkuntza bereziko guneetan antzeko neurriak hartuko dira: %50eko estaldura orokorra, baina otorduetan %60ra igoko dena.
Hezkuntza
Hezkuntza arloan greba egun osoan izango da, eta horregatik, kontrola bermatzeko, ikastetxe bakoitzean zuzendaritzako kide bat eta azpiko langile bat egongo dira goizez eta arratsaldez.Bestalde, Haurreskolak partzuergoan eta udal haur-eskoletan koordinatzaile bat egongo da. Etapa bakoitzeko irakasle bana egongo da (Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, DBH, Batxilergoa eta Lanbide Heziketa), eta ikasle kopuruaren arabera irakasle gehiago gehituko dira.
Hezkuntza bereziko zentroetan eta gela egonkorrak dituzten ikastetxeetan ohiko langileriaren %50 izango da. EHUn, berriz, atezain bat goizez eta beste bat arratsaldez. Azterketak badaude, irakasle arduradun bat egongo da.
Garraioa eta azpiegiturak
Autobusak, trenak, tranbiak, funikularrak ohiko zerbitzuen %30arekin arituko dira grebaren ordutegian. Bidesariak dauden autobideetan eta tuneletan, jaiegunetako langileak ariko dira, baina ordutegi puntetan (06:30-09:30 eta 17:30-20:30) %30eko estaldura izango da, eta gainerako orduetan %15ekoa.
Gainera, gasolindegien %20 irekita egongo da, eta bide-mantentze zerbitzuak jaiegunetako mailan jardungo dute. Energia elektrikoa, gasa eta uraren hornidura bermatuko dira, baita telekomunikazioetako mantentze-lanak ere.
Administrazioak eta funtzio publikoak
Herritarren arretarako Zuzenean bulegoak irekita egongo dira hiru lurralde historikoetako hiriburuetan, langile batekin gutxienez txanda bakoitzean. Kartzeletan, berriz, elikadura, osasun arreta eta segurtasuna bermatuko dira, baita askatasun baldintzapeko edo behin betikoak, presoen komunikazio eta bisita minimoak eta lantegien zaintza ere.