Hego Euskal Herrian kontsumo prezioen indizeak (KPI) atseden hartu du irailean. Aisia eta kulturarekin lotutako gastuek jaitsiera nabarmena erakutsi dute, eta jantzi zein oinetakoek, aldiz, goranzko joera markatu dute. Hilabete bakarreko aldaketa kontuan hartuta, Nafarroa eta Araba izan dira beherakada handiena izan dutenak, %0,7ko murrizketarekin. Gipuzkoan %0,3ko jaitsiera izan da, eta Bizkaian %0,2koa.
Hala ere, urtea hasi zenetik gaur arteko bilakaeran, indizea goraka doa lurralde guztietan: Nafarroan %1,2, Bizkaian eta Araban %1,8, eta Gipuzkoan %1,9. Urte arteko balantzeak ere goranzko emaitzak uzten ditu: %2,8 Nafarroan, %3,2 Bizkaian eta %3,3 Araba eta Gipuzkoan.
Iraileko beherakada ez da sektore guztietan berdin islatu. Prezioak apaldu egin dira etxebizitza eta energiarekin lotutako arloetan (-%0,1), garraioan (-%0,2), komunikazioetan (-%0,1), eta batez ere aisia eta kulturan (-%4,8). Jantoki eta hotelek ere behera egin dute, nahiz eta modu apalean (-%0,3).
Beste hainbat alor egonkor mantendu dira, hala nola altzariak edo etxeko artikuluak, eta gorakada izan dute elikagai eta edariek (%0,2), tabako eta alkoholdunek (%0,5), hezkuntzak (%0,9), osasunak (%0,2) eta batez ere jantzi eta oinetakoek (%4,4).
2024ko iraila eta 2025eko iraila alderatuta, sektore guztietan aurkitu dira igoerak: %7,0 etxebizitza eta energian, %4,0 tabako eta alkoholdunetan, %3,4 elikagaietan, %2,5 garraioan zein hezkuntzan, %4,4 ostalaritzan eta %1,3 jantzi eta oinetakoetan.
2025eko lehen bederatzi hilabeteetan
Urtea hasi zenetik iraileko datuetara arte, jaitsiera bakarrak jantzi eta oinetakoetan (-%9,9) eta aisia-kulturan (-%2,2) ikusi dira. Gainerako atal guztietan prezioek gora egin dute, tartean %5,9 jantoki eta hoteletan, %3,8 etxebizitza eta energian, eta %3,4 tabako eta alkoholdunetan.