Emakumeen %17 eta %25 artean sexu-erasoren bat pairatzen dute bizitzan zehar, eta horietatik %70 inguruk estres post-traumatikoaren nahasmendua (TEPT) garatzen dute. Orain, Bartzelonako Hospital Clinic-eko ikertzaile-talde batek frogatu du biktima askoren garunean bi eremu giltzarriren arteko komunikazioa hautsi egiten dela.
Ikerketaren arabera, emozioak prozesatzeko funtsezkoa den amigdalaren eta hauek kontrolatzeko arduradun nagusietako bat den kortex prefrontalaren arteko ohiko lotura ia erabat eten egiten da erasoa jasan duten emakumeengan.
85 emakumeren kasuak aztertu dituzte
Lydia Fortea doktoreak gidatutako ikerketa Amsterdamen egiten ari den Europako Neuropsikofarmakologiako Kongresuan aurkeztu dute. 40 emakume aztertu dituzte sexu-eraso baten ondoren TEPTarekin diagnostikatuta zeudenak, eta haien garun-irudiak alderatu dituzte 45 kasu kontrol osasuntsurekin.
Egoeran oinarritutako erresonantzia magnetikoak egin dizkiete, garuneko konektibitatea eta depresio zein TEPT sintomekin zuen harremana ikusteko. Emaitzek erakutsi dute aztertutako 40 emakumeetatik 22tan amigdala eta kortex prefrontala ia ez zirela elkarrekin konektatzen.
«Amigdala-kortex prefrontal lotura ahultzen denean, garunak zailtasunak izan ditzake beldurrari erantzuteko edo emozioak behar bezala kontrolatzeko. Horrek azaltzen du zergatik pairatzen duten TEPTa duten pertsonek beldur bizia edo aldarte-aldaketa bortitzak», azaldu du Forteak.
Tratamendua aurreikusteko giltza izan daiteke
Ikerketaren arduradunak nabarmendu du hurrengo urrats nagusietako bat izango dela ikustea deskonexio horrek aurreikus dezakeen tratamenduarekiko erantzuna. «Horrek aukera emango liguke arrisku handiagoa duten pazienteak goiz identifikatzeko eta arreta klinikoa areagotzeko», gaineratu du.
Bestalde, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) psikologiako ikertzailea den Cesar San Juanek gogorarazi du aurkikuntzek premiazkoa egiten dutela jarraipen psikologikoa: «Amigdala eta kortex prefrontalaren arteko deskonexioak tratamenduaren erantzuna aurreikusten badu, neuroirudiak lagungarri izan litezke arrisku handieneko kasuak berehala identifikatzeko eta laguntza lehenbailehen eskaintzeko».
Trauma mota ohikoenetakoa
Indarkeria sexuala emakumeen artean traumarik zabalduenetakoa den arren, TEPTari buruzko ikerketek orain arte gerrako edo bestelako esperientzietan jarri dute arreta. Orain aurkeztu den lana, ordea, «nerabe eta emakume helduei egindako sexu-erasoen ostean TEPTa aztertzen duen lehenetarikoa eta zabalena» dela azpimarratu dute egileek.
Edozein jatorri duela ere, TEPTak ondorio larriak izan ohi ditu: depresio sakona, beldur bizia eta askotan pentsamendu suizida gogorrak.