Hamarkada bat baino gehiago pasatu da Alemaniak derrigorrezko soldaduska indargabetu zuenetik. Ordutik, armada profesionala izan da eredu bakarra. Hala ere, azken urteotan politikaren agendan berriz hartu du indarra gaia, eta orain, koalizio gobernuko alderdi nagusiek (CDU/CSU eta SPD) aurreakordio batera iritsi direla iragarri dute.
Gobernuak argi utzi du: boluntario nahikorik ez bada lortzen, derrigorrezko zerbitzua zozketa bidez ezarriko da. Horretarako, 2026tik aurrera 18 urtetik gorako gizonezko guztiei galdetegi bat bidaliko diete, euren borondatea jasotzeko. Beharrezkoa bada, erantzunen artean zozketa egingo da eta aukeratutako gazteek derrigorrezko zerbitzua bete beharko dute. Boluntariotza sustatzeko, pizgarri fiskalak eskaintzeko asmoa ere mahai gainean dago.
Gizartean piztutako eztabaida
Inkestek erakusten dutenez, Alemaniako biztanleen %62k alde egiten dute zerbitzu militarra berrezartzearen alde. Dena den, erabakiak eztabaida zabala ireki du herrialdean, eta jendartean iritzi kontrajarriak sortu ditu: batzuek beharrezko ikusten dute segurtasun arrazoiengatik, beste askok ordea gazteentzako derrigortasuna atzerapausotzat jotzen dute.
Alemaniak begiak jarrita ditu beste herrialde batzuetan dagoeneko martxan dauden ereduei. Danimarkan, adibidez, boluntario nahikorik ez dagoenean, 18 urteko neska-mutilak zozketaz hautatzen dira eta 11 hilabeteko zerbitzu militarra egiten dute. Eredu horrek pisua hartu du Alemanian ere eztabaida bideratzeko orduan.