Eustatek argitaratutako azken datuen arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ekonomia %2,2 hazi da urte arteko tasan, 2025eko hirugarren hiruhilekoan. Hazkunde hori aurreikusitakoa baino hamarren bat txikiagoa izan da, iragan irailean Lakuak egindako makro-aurreikuspenekin alderatuta.
Hazkunde horrek, hala ere, iazko garai bereko datuak gainditzen ditu, baina hiruilekoaren mailan motelagoa izan da: uztailetik irailera, Barne Produktu Gordina %0,4 igo da soilik. Aurreko bi hiruhilekoetan, igoera handiagoak izan ziren (%0,7 lehen hiruhilekoan eta %0,5 bigarrenean).
Lan merkatuan eragina: 13.000 enplegu berri
Eustatek azpimarratu duenez, enplegua ere goraka doa. Udan, %1,4ko hazkundea izan zuen enpleguak urte arteko tasan, hau da, 13.000 lanpostu oso berri baino gehiago sortu ziren.Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburu Mikel Torrek iragarri du hamarkada erabakigarria izango dela euskal ekonomiaren eta lan merkatuaren etorkizunerako: «Euskadik 675.000 enplegu aukera sortuko ditu hurrengo hamar urteetan».
Torrek azaldu du Lanbideren Behatokiaren arabera, aurreikusten dela 112.500 enplegu sortzea jarduera ekonomikoaren zabaltzeagatik eta 562.500 lanpostu erretiroengatik hutsik geratuko direnez ordezkapen bidez. «Hamarkada hau trantsizio garaia izango da, belaunaldi erreleboa eta talentuaren ordezkapena aurrean ditugun erronka nagusiak izango direlarik. Horregatik, ezinbestekoa da aurrea hartzea, pertsonak kualifikatzea eta enpresak laguntzea», nabarmendu du Bilbon Lanbideren bulego berri bat irekitzean.
Zer sektorek eusten diote hazkundeari?
Hirugarren hiruhileko honetan ere, zerbitzuen sektoreak eta eraikuntzak izan dute pisu nagusia hazkundean. Industria, aldiz, ahulago mantendu da: aurreko hiruhilekoan urte arteko %0,1eko hazkundea izan zuen soilik, eta %0,3ko kontrakzioa jasan zuen hiruhileko arteko tasan.
Eustatek abenduaren 3an argitaratuko ditu datu zehatzagoak sektoreka, eta orduan ikusiko da industriaren bilakaera zehatza, bai eta AEBen eta Europaren arteko akordio komertzialaren ondorioz abuztutik ezarritako muga-zerga politikaren eragina ere.
Hazkunde motelagoa, baina positiboa
Azken urteetako joerari jarraituz, euskal ekonomia hazten ari da, baina pixkanaka erritmo motelagoan. Hala ere, %2,2ko hazkundea bigarren hiruhilekoan izan zenaren parekoa da eta lehenengoan baino handiagoa.
Eustaten arabera, behin-behineko datuek erakusten dute hazkundeak segida duela, baina erritmo hori etorkizunean mantenduko den ala ez, enpleguaren bilakaerak, sektore ekonomikoen dinamismoak eta nazioarteko merkataritza politikek baldintzatuko dute.