Abenduaren 5etik 8ra egingo da aurtengo Durangoko Azoka, eta Landako gunea berriro ere euskal kulturaren erdigune bilakatuko da. Aurten, data berezi batek markatuko du hitzordua: jaialdiak 60 urteko historia beteko ditu. Hala ere, antolatzaileek argi utzi dute ez dutela ospakizuna zenbaki borobil batean zentratu nahi, baizik eta urte luzeetan zehar herri honen kultur eredu kolektiboa elikatu duen ibilbideari eta egiteko moduari aitortza egin.
Oroimenetik, gaur egungo testuingurura
Aurkezpenean, ezinbesteko aipamena egin diote aurten faltan izango duten izen bati. Uztailean zendu zen Izaskun Ellakuriaga Bustinza, urte luzez Azokaren antolaketan aritu zen Gerediagako kide aktiboa. «Aurtengo edizioan hogei urtez euskal kultura sustatzeko eginiko lana gogoratu eta aitortuko dizugu», adierazi du Beñat Gaztelurrutiak, Gerediaga elkarteko koordinatzaileak.
Baina oroitzapenez gain, egungo errealitatea ere presente izan dute. Munduan bizi den egoera gatazkatsua Azokatik at ez dagoela gogorarazi du Gaztelurrutiak, eta horregatik Palestinarekiko babesa aurten esplizituki adieraziko dela azpimarratu du: «Bai prestaketan zein azokako egunetan genozidioa behin betiko gelditzeko deia luzatuko dugu, ezin dugu Palestina bakarrik utzi».
Aurrekontua eta babes instituzionala
Edizio borobil honek 760.000 euroko aurrekontua izango du, iazkoa baino handiagoa. Hazkunde hori erakundeen ekarpen handiagoari zor zaio, Bizkaiko Foru Aldundiarena kasu. Durangoko Udala, Lakuako Gobernua, Nafarroako Gobernua, Gipuzkoako eta Arabako aldundiak zein BBK ere antolaketan eta finantzaketan bidelagun izango dira.
Irudi berria eta aldaketak
60. edizioak ez du soilik kultur eskaintza ekarriko, baita irudi eta planteamendu berriak ere. Azokaren marka aurrerantzean «Kulturaren Jaialdia» izango da, urteko lema berririk aukeratu gabe. Helburua da jaialdiaren izaera sendotzea: topagune herritarra eta profesionala izatea, literaturaren, musikaren, aurkezpenen eta bestelako sorkuntza adierazpideen bilgune gisa.
Bestalde, kartelaren kontzeptua ere aldatu dute. Aurten ez da irudi bakar batean laburbilduko, baizik eta artista bati iruditegi zabal bat sortzeko enkargua egin zaio. Iratxe Reparaz diziplina anitzeko sortzaileak hartu du erronka: «Lehenengo gauza 60 zenbakia marraztea izan zen, baina konturatu nintzen ez zela zenbaki bat, ibilbide baten sinboloa baizik. Horregatik, kartel bakarra izan beharrean, kartel infinitoa proposatu dut». Bere lanak kolore biziak eta eskuz egindako trazu digitalak uztartzen ditu, jaialdiaren aniztasuna eta bizitasuna irudikatzeko.
Etorkizunari begira
Durangoko Azoka, «Kulturaren Jaialdia» izenez orain definitua, 60 urteko esperientziaren ondoren ez da geldirik geratu. Antolatzaileek adierazi dutenez, etorkizunari begira berrikuntzak txertatzen jarraituko dute, baina betiere azken sei hamarkadetan erakutsitako filosofia berari eutsiz: herri ikuspegitik, eragile eta erakunde guztien arteko elkarlanean, eta sortzaileei zein herritarrei lekua emanez.