Gazako agintariek salatu dute azken bi urteetan Israelgo armadaren erasoek lurraldea «ingurumen eta egitura hondamendi eremu» bihurtu dutela. Haien kalkuluen arabera, 65 eta 70 milioi tona hondakin artean pilatu dira, okupazioak nahita suntsitutako etxebizitza eta instalazioen ondorioz.
Horrez gain, 20.000 lehergailu baino gehiago aktibatu gabe geratu direla ohartarazi dute: misilak, bonbak eta bestelako armak lur azpian edo hondakinen artean sakabanatuta. «Hondakinak kentzeko lanak abiatu aurretik, segurtasun baldintza egokiak bermatuko dituzten ingeniaritza lanak ezinbestekoak dira», azaldu dute Gazako Gobernutik.
Bake akordioaren inguruko salaketak
Testuinguru horretan, Israelek Gazari egotzi dio ez duela bete bake akordioan adostutakoa, 28 bahitu hildakoen gorputzetatik bederatzi baino ez baitira entregatu. Gazako agintariek, ordea, erabat baztertu dute akusazioa eta azpimarratu dute hondamendiaren tamainak eta ekipamendu astunen sarrera ukatzeak erreskate lanak ezinezko bihurtu dituztela.
«Suntsipenaren eskala izugarria da; laguntza humanitarioaren bidea blokeatzen du eta gorpuak berreskuratzeko ahaleginak ia paralizatzen ditu», ohartarazi dute.
Torturen arrastoa gorpuetan
Israelek azken egunotan entregatutako 30 palestinarren gorpuetan, Hamasek «torturaren eta jipoien zantzu larriak» aurkitu dituela salatu du. Horien artean, «eskuburdinak jarrita edo begiak estalita zituzten gorpuak» zeudela azaldu dute.
«Krimen latz hauek ezin dira zigorrik gabe geratu. Premiazko ikerketa bat abiarazi behar da eta arduradunak nazioarteko auzitegien aurrean epaitu», adierazi dute.
Su-etenaren hauskortasuna
Bien bitartean, su-etena indarrean egon arren, Gazako biztanleek ez dute bakerik. Ostegunean bi anaia hil ziren Abasan al Kabiran egindako aireko eraso batean. Tokiko iturrien arabera, larrialdi taldeek ezin izan dituzte gorpuak jaso, eremua arriskutsua baita Israelek bertara hurbiltzen direnenganako erasoak mantentzen dituelako.
Gazako agintarien datuen arabera, su-etena hasi zenetik Israelen erasoek 23 hildako eta 122 zauritu eragin dituzte. Aldi berean, azken bi urteetako erasoaldien balantzea lazgarria da: 67.967 palestinar hil eta 170.179 zauritu dira. Hondakinen artean 9.500 gorpu egon daitezkeela ere kalkulatzen dute.
Laguntza eskaria nazioarteari
Horren aurrean, Gazako agintariek nazioarteko komunitateari presioa egiteko eskatu diote, mugak ireki eta beharrezko makineria, materiala eta laguntza humanitarioa sar daitezen. «Ezin dugu Palestina bakarrik utzi», azpimarratu dute.