Askotan Z belaunaldia (1997-2012 artean jaiotakoak) talde bakar eta bateratu gisa aurkezten da, baina Edelman etxeak Estatu Batuetan egindako The Great Gen Z Divide txostenak irudi hori hankaz gora jarri du. Belaunaldi horren barruan bi joera nagusi bereizten ditu: alde batetik, Gen Z 1.0, komunitatearekiko lotura handiagoa eta konpromiso soziala erakusten duena; eta bestetik, Gen Z 2.0, ikuspegi eszeptikoagoa eta algoritmoek baldintzatutako bizipenak dituen belaunaldia.
Zaharrak eta gazteen arteko haustura
Adin-tarteak baldintzatu du bi multzoen izaera. Zaharrenak, 23-29 urte bitartekoak, giro irekiago batean hazi ziren, mugimendu progresisten eraginpean eta erakundeekiko konfiantza handiagoarekin. Aldiz, gazteenak —13 eta 22 urte bitartekoak— pandemia, sare sozialen gorakada eta informazio gehiegizkoaren garaian jaio eta hazi dira, eta horrek indibidualistago eta fidagarritasun txikiagoko jokabideak eragin dizkie.
Konfiantza eta zalantza
Gen Z 1.0 komunitate digitaletan aktiboagoa da, eta markek aldaketak ekar ditzaketela uste du. Baina konfiantza hori azkar gal daiteke, traizio edo huts eginen bat ikusten dutenean. Gen Z 2.0ren kasuan, ironia, memeak eta narrazio azkarrak dira komunikatzeko tresna nagusiak, eta ez dira erraz fidatzen: algoritmoak ez dituzte errealitate fidagarritzat jotzen.
Balio kontserbadoreagoak eta genero-arrakalak
Gazteen artean gero eta joera kontserbadoreagoak antzematen dira, zaharrenak kontrako norabidean doazen bitartean. Genero ikuspegian ere alde handia dago: mutil gazteen artean feminismoarekiko babesa neskena baino 21 puntu baxuagoa da.
Teknologia eta marken papera
Adimen artifizialak ere bere pisua dauka: Z belaunaldikoen %72k astean behin gutxienez erabiltzen du. Konfiantza, berriz, ez da berdin banatzen: %65ek erabiltzen dituzten marketan sinesten dute, baina komunikabideetan soilik %56ak. Enpresekiko konfiantza ere ez da oso altua (%55). Hala ere, gazteen gehiengoak markei eskakizun argiak egiten dizkie:
- Hobeto sentiaraztea (%72)
- Baliabide praktikoak eskaintzea (%66)
- Komunitatearen parte sentiaraztea (%58)
Ondorioak
Azterlanak erakusten du Z belaunaldia ez dela kolore bakarreko belaunaldia. Zaharrenek eta gazteenek errealitate oso ezberdinak bizi izan dituzte, eta horrek pentsatzeko eta markekin harremanak izateko moduak baldintzatu ditu. Hori dela eta, gazteengana hurbildu nahi duten eragileek ñabarduraz eta malgutasunez jokatu beharko dute.



