Urriaren 10ean zabaldutako berriak zirrara handia eragin zuen: Sapa enpresa andoaindarrak AEBtako armadarekin kontratu erraldoia sinatu omen zuen, General Dynamics multinazionalarekin batera tanke berrien transmisio-sistemak garatzeko. El Diario Vascok azalera eraman zuen albistea, eta La Vanguardiak ere bi orrialde bete zituen hitz potoloz. Hedabideek kontratua «historikotzat» jo zuten, eta jada lehen unitateak entregatzen ari zirela ere idatzi zuten.
Baina, Gasteizkoak talde antimilitaristaren ikerketek agerian utzi dutenez, kontakizun hori ez dator bat errealitatearekin.
Informazio iturri lausoez elikatutako titularrak
Albistea lehen lerroetan plazaratu zuten egunkariek ez zuten iturri zehatzik aipatu, baizik eta «jakitera eman dutenez» gisako esamolde lausoetan oinarritu ziren. Horrek, hasieratik, zalantzak piztu zituen antimilitaristen artean. Kontratu baten garrantzia kontuan hartuta, arraroa zen ez Saparen webgunean, ez bere filial estatubatuarrean, ezta General Dynamicsen komunikatuetan ere, inolako aipamenik ez agertzea.
«Iturri bakarra enpresa bera edo haren ingurua izan daiteke», azaldu dute Gasteizkoak-eko kideek, hedabideek «bozgorailu lanak» egin dituztela iritzita.
Armyrecognition.com-ek egia argitu zuen
Eztabaida desegin zuen azkenik armyrecognition.com atari espezializatuak: kontratua ez dago esleituta. Izan ere, lehia oraindik irekita dago General Dynamicsen eta Rheinmetallen artean, eta 2026an aurkeztuko dituzte prototipoak. Erabakia urte berean hartuko du AEBtako armadak, eta 2027rako espero da serie-ekoizpenaren kontratua adjudikatzea.
Horrenbestez, “5.000 milioiko kontratu historikoa” zela saldu zena, gaur-gaurkoz, gezur hutsa da.
Gezurra zergatik? Porrot baten ke-gortina
Antimilitaristek susmo argia dute: informazio faltsua Sapak berak puztu zuen, aurreko egunean gertatutako porrot garrantzitsua estaltzeko. Izan ere, urriaren 9an, ABC egunkariak jakinarazi zuenez, Saparen transmisio-sistemaren akats larri batek geldiarazi egin zituen Espainiako armadarako prestatutako VCR Dragon blindatuen azken probak.Gainera, El Confidencial-ek plazaratutako informazioaren arabera, Defentsa ministro Margarita Roblesek gogor ohartarazi zien proiektuan parte hartzen zuten enpresei, epeak ez betetzeagatik zigorrak jar litezkeela esanez. Indrako presidente Angel Escribanok, tentsio giro horretan, errua zuzenean Sapari egotzi zion.
Hedabideen rola kolokan
Gasteizkoak talde antimilitaristak argi utzi du bere kezka: «Saparen amarrua ez zen bakarrik enpresaren estrategia izan, baizik eta DVren eta La Vanguardiaren laguntzarekin zabaldu zen. Horrelako kazetaritzak arriskutsua egiten du, albiste izatera iristen ez diren gaiak albiste gisa saltzen direlako».
Ondorioz, taldearen iritziz, gertatutakoak bi gauza uzten ditu agerian: batetik, Sapak bere irudi publikoa zaintzeko prest dagoela gezurrak ere baliatzeko; bestetik, komunikabide nagusiek askotan ez dutela behar bezalako kontraste-lanik egiten.



