Donostiako Merkataritza Epaitegiak baimena eman du Lorpen markaren ekoizpen-unitatea —Lorpeland S.L.ren jabetzakoa— Artain25 S.L. enpresari saltzeko. Operazioaren balioa 400.000 eurokoa izango da, eta Ternua Group, Import Arrasate, Iasa Retail eta Lorpeland enpresak hartzen dituen porrot-prozesuaren barruan gauzatuko da.
Erosketa horri esker, 644.000 eurotik gorako kalte-ordainak saihestuko dira, eta «masa aktiboaren mesedetan» izango da erabakia, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak jakinarazi duenez. Gainera, langile ohiek osatutako sozietateak bere gain hartuko du 54.006 euroko zorra, BBVA bankuarekin kontratatutako leasing-aren kuota ordaindu gabeengatik.
Ondare osoaren salmenta
Salmenta-akordioak Lorpen marka erregistratu guztiak eta jabetza industrial eta intelektualaren eskubideak hartzen ditu barne, baita enpresaren sekretu komertzialak, datu-base historikoak eta webgune korporatiboak ere —tartean www.lorpen.com—. Halaber, Etxalarko lantegia ere sartzen da eragiketan, makineria, ordenagailuak, altzariak, eta 35 makina baino gehiago barne hartuta.
Gainera, biltegi eta stock guztiak ere Artain25en esku geratuko dira, lehengaiak, produktuak eta ontziak barne, baita deskatalogatutako artikuluak ere, «markaren balio komertziala babesteko».
Epaileak argi utzi duenez, ondasunak kargarik gabe transmitituko dira, salbu eta erosleak borondatez bere gain hartu nahi dituenak. Ondorioz, enbargoak eta hipoteka guztiak bertan behera geratuko dira, eta dagokion erregistro publikoetan ezabatu egingo dira.
Artain25: langileek gidatutako proiektu berria
Epaitegiaren autoan jasotzen denez, Artain25 langile ohiek osatutako enpresa berria da, eta «teknikoki gaitua eta jarduera jarraitzeko konpromisoa duena». Epaiaren arabera, bere proposamena izan da «aurkeztutako aukera bakarra, errealista eta bideragarria».
Horrez gain, epaileak adierazi du erosketaren prezioa —400.000 euro— «aktiboen balio errealarekin bat datorrela likidazio-testuinguruan», eta ez duela zentzurik aurreko balorazio teorikoek adierazitako 15 milioi euroko kopurua aipatzeak, «aktiboen amortizazioa eta itxiera-kostuak ez baitzituzten kontuan hartzen».
Zenbait hartzekodunek kexa agertu dute prezio hori «aktiboen balio teorikoarekin alderatuta eskasa» delakoan, eta salatu dute ez dela «lehiaketa-prozesurik» egin. Hala ere, epaitegiak ez ditu argudio horiek onartu, eta administrazio konkurtzalaren irizpidea berretsi du: «Eragiketak abiadura, balioaren kontserbazioa eta jarduera ekonomikoaren jarraipena bermatzen ditu; gaur egungo legediaren oinarri nagusiak dira horiek».
Epailearen arabera, ez da frogatu kalterik egon denik masa aktiboarentzat, eta ez da aurkeztu «alternatiba hobeagorik ezta balorazio tekniko independentea ere».
Formalki sozietate laboral bihurtzeko asmoa
Autoak gainera zehazten du Artain25 oraindik ez dela formalki sozietate laboral moduan erregistratu, baina badituela Lege 44/2015ak eskatzen dituen baldintzak eta jada adierazi duela borondatea Eusko Jaurlaritzaren Erregistro Administratiboan inskripzioa egiteko.
Aurrekariak: Loreak Mendian-en salmenta
Lorpenen operazioa Ternua Group taldearen porrot-prozesuaren barruko bigarren salmenta handia da. Izan ere, urriaren 8an epaitegi berak Loreak Mendian markaren ekoizpen-unitatea Borobitex S.L. enpresari saltzeko baimena eman zuen.



