Europa mailako musika ekitaldi handienetako bat aurten kolpe gogorra jasango du. Espainia, Herbehereak, Irlanda, Islandia eta Eslovenia ez dira Eurovisionen lehiatuko, Israel parte-hartzaileen zerrendan agertzen den bitartean. Gazako egoeraren testuinguruan, bost herrialde horiek argi utzi dute ez dutela jaialdia “ikuspegi humanitarioarekin bateraezina” den egoeran partekatu nahi.
Ver esta publicación en Instagram
Espainiaren erabakiak bereziki astindu du lehiaketa
Eremu sinbolikoan ez ezik, ekonomikoan ere eragina izango du erabakiak. Espainia Eurovisionen finantziazio nagusietako bat da —Big Five taldekoa— eta RTVE kate publikoak “gehiengo osoz” hartu du parte ez hartzeko erabakia. Espainiako kateak, hala ere, Benidorm Fest jaialdiari eutsiko diola jakinarazi du: «Benidorm Festek bere bidea jarraituko du, gure musika panoraman finkatutako proiektu gisa», adierazi dute.
UERen isiltasuna eta Europako irrati-telebisten erantzuna
Erabakia ez da isolatua izan. Irlandako RTE, Herbehereetako AVROTROS eta Esloveniako RTVSLO kateek adierazpen bateratuen bidez iragarri dute beren jarrera. Herbehereetako kate publikoak bereziki irmo azaldu du mezua: «Gazako etengabeko sufrimenduaren aurrean, ezin dugu Israelen parte-hartzea justifikatu».
Horren aurrean, Irrati-difusioaren Europako Batasunak (UER) ez du Israel lehiaketatik kanporatzeko asmorik adierazi. Alderantziz, abendura arte luzatu du parte-hartzaileen baieztapena, eztabaida are gehiago luzatuz.
Nazio Batuen txostenak eztabaida areagotu du
Erabaki sorta hau ez da testuinguru huts batean gertatu. NBEko Ikerketa Batzorde Independenteak gaur bertan plazaratu du Israelek Gazan egiten ari dena genozidiotzat jo duela. Txostenaren arabera, ekintza genozidatzat hartu behar dira «hiltzea, kalte fisiko edo mental larriak eragitea, bizi-baldintza tamalgarriak ezartzea eta jaiotzak eragozteko neurriak hartzea».
Horrek Eurovision inguruko eztabaida are gehiago polarizatu du, eta kulturaren rolaren inguruko galdera etikoak mahai gainean jarri ditu: isiltasunak ez al du konplizitatea bihurtzen?
Kirolean ere ondorioak: protestak Espainiako Vueltan
Eztabaidak ez du kulturaren mugetan geratu. Kirolaren esparruan ere, Palestinaren aldeko mugimenduak indarra hartu du azken hilabeteetan. Espainiako Vueltako hainbat etapetan izan dira manifestazioak, eta horrek ibilbidearen aldaketak eta amaiera bertan behera uztea ekarri du.
Bilboko etapan, adibidez, helmuga hiru kilometro aurreratu behar izan zuten, eta Madrilgo azken etapa ere 56 kilometro falta zirela eten zuten, manifestariek errepidea hartu zutelako.
Kultura, kontzientzia eta eztabaida
Eurovisionen inguruan piztutako auzia ez da soilik musikari buruzkoa. Gero eta herrialde gehiagok eskatzen dute jaialdiaren ardura politiko eta etikoa aztertzea. Batzuek kulturaren autonomia defendatzen dute; beste askok, berriz, konpromiso humanitarioa lehenesteko unea dela diote.
Bien bitartean, UERren isiltasunak tentsioa areagotzen du eta oholtza handi batek hutsune handi bat izango du aurten: musika entzungo da, baina bost herrialderen isiltasuna ozenagoa izango da.


