Saiko granadar abeslari ezaguna sare sozialetan eztabaidaren erdigunean dago azken egunotan. Denak piztu zituen Alber Montero koreografo eta dantzariak sareetan zabaldu zuen bideo batek: bertan, berak eta beste zortzi dantzarik artistarekin lanean bizitako egoera «lazgarria» kontatu zuten.
Monteroren hitzetan, Saikoren inguruko taldeak bazterkeriaz jokatu zuen haiekin, eta entseguetan ez zieten agurtzen, ezta hitz egiten ere. Koreografoak azaldu duenez, dantzari heterosexual bakarra zen artistak agurtzen zuena, eta gainerakoei “ikusiezinak” balira bezala jokatzen zien.
«Emakume izate hutsagatik ez, baina homosexual izateagatik bai», azaldu du, argi utziz haien orientazio sexualak izan zuela jokabide horren oinarrian.
“Femeninoegiak” izateagatik kanpoan utziak
Koreografoak salatu du Saikoren bira berrirako dantzari homosexualak proposatu zituenean taldeak ateak itxi zizkiola. «Esaten zidaten dantzari batzuk femeninoegiak zirela, eta azkenean lau heterosexual hartu zituzten nire ordez», azaldu du.Gainera, kontzertu baterako laguntza gehiago behar zirela eta, Monterok bere bikotekidea kontratatzeko aukera jarri zuen mahai gainean. Saikorekin lehenago ere lan egina zen, baina erantzuna ukapena izan zen: «Luma handiegia duelako». Koreografoaren kasuan, ordea, “gutxiago nabaritzen zaiolako” onartu omen zuten, hark berak adierazi duenez. Egoerak guztiz gainditu zuen, eta Monterok lan-harremana haustea erabaki zuen.
Saikoren bertsioa: “Salaketa faltsuak dira”
Kasuak eztanda egin du sareetan, eta Saikok berak hartu du hitza gertatutakoa ukatzeko. «Salaketa faltsuak dira eta ez dut diskriminaziorik egin», adierazi du artistak ohar baten bidez.
Bere esanetan, koreografoarekin harremanetan aritutako langile batek bere izenean hitz egin zuen, baina hark ez zuen jarrera homofoborik izan. «Pertsona hori kaleratu egin dugu, eta Monteroren erabakia errespetatu dut, ez zelako eroso sentitzen», azaldu du abeslariak.
Saikok azpimarratu du «ezagutzen nauen orok badaki ez naizela homofoboa», eta gaineratu du halako egoerak “tristezia handia” eragiten diotela.
Erreakzio kate luzea sare sozialetan
Monteroren testigantzak sareetan zeresan handia sortu du, eta LGTBIQ+ komunitateko hainbat kidek babes mezuak bidali dizkiote. Zenbait lagunek, gainera, artistaren inguruko bestelako kexak ere publiko egin dituzte, antzeko tratua jasan dutela esanez.
Eztabaida ez da soilik Saikoren inguruan geratu: gertatutakoak musika-industrian oraindik ere dauden aurreiritzi eta bazterkerien inguruko hausnarketa zabalagoa piztu du.
Eta sareetan eztanda egindako zalaparta horren erdian, galdera bat dabil askoren ahoan: zenbateraino dago oraindik homofobia ezkutuan musikaren atzean?



