Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxeak bere sailaren 2026rako aurrekontu-proiektua aurkeztu du gaur Eusko Legebiltzarrean. Proposamenak 413,7 milioi euroko aurrekontua jasotzen du —aurreko urtean baino %5,5 gehiago— eta, Bengoetxeak berak azpimarratu duenez, «sailaren historian izandako handiena» izango da.
Sailburuak azaldu du aurrekontuaren helburua ez dela soilik baliabide ekonomikoen igoera, baizik eta euskal gizartearen komunitate-sena indartzeko apustu politikoa ere bada. «Garai nahasi hauetan inoiz baino garrantzitsuagoa da kolektibo baten parte sentitzea, gure ongizatea zaintzea eta gure identitate kulturalak eskaintzen digun lotura sendotzea», adierazi du Bengoetxeak.
Lau zutabe estrategiko
Aurrekontuak lau ardatz nagusi ditu, bakoitza kulturaren eta hizkuntzaren garapenarekin zuzenean lotuta:
- Artistei eta sortzaileei laguntzeko programak, 50,5 milioi eurorekin (+%10,7).
- Ondare kulturala babestu eta modernizatzeko ekimenak, 37,9 milioi eurorekin (+%5,4).
- Euskararen ezagutza eta erabilera soziala sustatzeko politikak, 93,5 milioi eurorekin (+%6,1).
- Kirola eta jarduera fisikoa, 14,9 milioi eurorekin, ongizatea eta berdintasuna oinarri.
Egitura horren bitartez, Jaurlaritzak «gure kultura, hizkuntza eta bizi-ohiturak garaiko erronketara egokitu nahi dituela, sustapenetik berrikuntzara salto eginez» adierazi du sailburuak.
Kultura: sormenaren eta berrikuntzaren aldeko apustua
Kultura arloak 86,6 milioi euro jasoko ditu 2026an (+%8,5), eta sailburuak azaldu du diru horrek «euskal kultura-sistemaren egitura sendotzeko eta sormenaren kate osoari eusteko» balioko duela. Aurrekontuen barruan aurreikusten da sormen sektoreen laguntzak %27 handitzea eta ikus-entzunezko ekoizpenei bideratutako funtsa %40 igotzea.
Gainera, berrikuntza eta digitalizazioa sustatzeko helburuarekin, Ondare Digitalaren Laborategia sortuko da, eta Kulturaren Euskal Behatokia indartuko da datuetan eta analisi soziokulturaletan oinarritutako politika publikoak garatzeko. Museoak berritzeko, bildumak digitalizatzeko eta euskal ondarea herritar guztien eskura jartzeko 38 milioi euro bideratuko dira.
Bengoetxeak gogorarazi du «kulturaren demokratizazioa eta sarbide unibertsala» direla helburu nagusiak, eta, horretarako, eLiburutegia plataforma sendotuko da eta proiektu digital berritzaileak sustatuko dira.
Euskara: ezagutza, erabilera eta teknologia
Hizkuntza Politikaren arloa izango da aurrekonturik handiena jasoko duen sailetako bat, 93,5 milioi eurorekin (+%6,2). Diru kopuru horren zati handiena HABErentzat izango da, guztira 64,5 milioi euro (+%9,2), euskara-ikasketa doakoak indartzeko eta irakasleen prestakuntza eta baldintzak hobetzeko.Gainera, “Jauzia Gara” programak 450.000 euro jasoko ditu, euskararen erabilera soziala sustatzeko lan-arloan eta etorkinen integrazioan. Beste partida batzuk honela banatuko dira: 1,8 milioi hizkuntza-teknologietara, 350.000 euro ikus-entzunezko edukietara, 11,7 milioi euskarazko hedabideetara eta 1,5 milioi Euskaltzaindiara.
Sailburuaren arabera, «euskarak behar du eguneroko bizitzako esparru guztietan presentzia bermatua izatea, eta horretarako eragile guztien arteko elkarlana funtsezkoa da».
Kirola eta ongizatea: jarduera fisiko inklusiboa
Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren arloak 15 milioi euro izango ditu datorren urtean. Helburua da osasunaren, berdintasunaren eta inklusioaren ikuspegitik jarduera fisikoa sustatzea, bizitza osasungarriago eta aktiboago baterantz.
EITB eta Etxepare: euskal kultura mundura
Aurrekontuaren barruan bi erakunde nagusik izango dute berezko protagonismoa. Batetik, EITBk 201,4 milioi euroko finantzaketa izango du (+1,7 milioi), «komunikabide publikoaren eginkizuna indartzeko eta edukien kalitatea hobetzeko». Bestetik, Etxepare Euskal Institutuak 4,6 milioi euro jasoko ditu (+%9,6), «euskal hizkuntza eta kultura mundura eramateko diplomazia kulturalaren bitartez».
Bengoetxeak nabarmendu du Etxeparek egiten duen lana «funtsezkoa dela Euskadi nazioarteko erreferente kultural gisa sendotzeko».
«Komunitatea kulturaren bidez eraikitzen da»
Sailburuaren hitzetan, aurrekontu honek ez du soilik diru-igoera adierazten, ikuspegi sozial eta komunitario baten isla ere bada: «Kultura eta hizkuntza dira gure komunitatearen oinarri sendoenak. Horien bidez zaintzen dugu gure nortasuna eta eraikitzen dugu gure etorkizuna».
Bengoetxeak amaitzeko gehitu du aurrekontu hau «gizartean kohesioa, sormena eta aniztasuna uztartzen dituen proiektu kolektibo baten isla» dela.



