Bilbok larunbatean biziko duen futbol giro bereziaren atarian, EH Bilduk ekitaldi bat egin du San Mamesen aurrean Palestinaren aldeko elkartasuna berresteko. Bertan, koalizio subiranistako bozeramaile Arkaitz Rodriguezek adierazi duenez, «inoiz baino beharrezkoagoa da herri palestinarraren aldeko ahotsa altxatzea, genozidioa ez baita amaitu».
Rodriguezek gogorarazi du Israelek palestinarren aurkako bonbardaketak, setioak eta kolektibo zigorrak jarraitzen dituela, eta horregatik «ezinbestekoa da mobilizazioa mantentzea eta nazioarteko komunitateari presioa egitea». Bere hitzetan, «orain arte egindako urratsak herriaren presioari esker izan dira, ez gobernuen borondatez».
Euskal Herria, elkartasunaren erreferente
Koalizioko arduradunak nabarmendu du Euskal Herriak urte luzez erakutsi duela Palestinarekin duen konpromisoa, bai kalean, bai ekintzen bidez. «Euskal Herriak erakutsi du elkartasuna ez dela soilik hitzetan geratzen: kaleetan eta La Vueltan bezala, ekintzetan gauzatzen da», adierazi du Rodriguezek. Bere esanetan, «Palestinaren aldeko konpromiso horrek harro sentiarazi behar gaitu berriro», eta herriaren erantzun irmoa «elkartasun eredu gisa» jarri du balioan.
Bi herri, borroka partekatua
Rodriguezek gogorarazi du Euskal Herriak eta Palestinak antzekotasun sakonak partekatzen dituztela: biak dira herri ukatuak, zatituak eta zapalduak. «Euskal Herria, Palestina bezala, nazioa da; bere selekzio ofizialak eta bere etorkizuna libreki erabakitzeko eskubidea ditu», azaldu du. Horregatik, bere ustez, «ez da kasualitatea Palestinarekin elkartasuna adieraztea, haren borroka gurea ere badelako».
Larunbatean, elkartasuna zelaian eta kalean
San Mamesen jokatuko den Euskal Selekzioaren eta Palestinaren arteko partida dela eta, EH Bilduk herritarrak gonbidatu ditu «modu baketsu, alai eta aldarrikatzailean» Bilboko kaleak betetzera. Rodriguezek azpimarratu du larunbateko hitzordua «jendearena eta jokalariena izango dela, baina batez ere, elkartasunaren oihu kolektiboa».
«Ezin dugu isilik geratu»
Ekitaldiaren amaieran, EH Bilduko bozeramaileak mezu garbi bat bidali du: «Israelek nazioarteko zuzenbidea urratzen jarraitzen duen bitartean, gure konpromisoa ezin da eten. Palestinaren genozidioa salatzen jarraitu behar dugu, gure isiltasuna izango bailitzateke delitu».



