Eusko Jaurlaritzak Osakidetzaren datozen urteetako inbertsio-orria plazaratu du gaur, Txagorritxu-AUOn egindako aurkezpenean. 2025etik 2032ra arte luzatuko den Azpiegitura eta Ekipamendu Sanitarioen Programak 1.600 milioi euroko poltsa izango du, eta gobernuak nabarmendu du ardatza ez dela eraikinak soilik altxatzea: arreta-prozesuak hobetzea, zirkuituak antolatzea eta profesionalek zein pazienteek egunerokoan baldintza egokiagoak izatea bilatzen du egitasmoak. Agerraldian, besteak beste, Imanol Pradales lehendakaria, Alberto Martinez Osasun sailburua, Gontzal Tamayo sailburuordea eta Lore Bilbao Osakidetzako zuzendari nagusia izan dira.
Azpiegiturei lehentasuna: gastuaren zatirik handiena obretara
Aurkeztutako plangintzak jasotzen du inbertsioaren %70 azpiegituretara bideratuko dela: eraikuntza berriak, handitze-lanak eta eraberritze proiektuak barne. Jaurlaritzak azaldu du neurri horiek “kalitatea, segurtasuna eta hurbiltasuna” sendotzeko pentsatuta daudela, eta, aldi berean, osasun-arreta sarearen antolaketa gaur egungo eskakizunetara egokitzea dutela xede.
Lehen Mailako Arreta indartzeko urratsa: zentro berriak, handitzeak eta kontsulten modernizazioa
Herritarren ateko arreta sendoa izatea jarri dute lehen lerroan. Horretarako, 21 osasun-zentro berri eraikitzea aurreikusten da, eta beste 8tan obrak egingo dira —handitzeko edo berritzeko—, 200,8 milioi euroko inbertsioarekin.
Atal horretan proiektu esanguratsuenetako bat Durangon egingo den Erabakimen Handiko Zentroa da (34,8 milioi euro). Gobernuak azaldu duenaren arabera, gaur egun hiru tokitan banatuta dagoen jarduera zentro bakarrean antolatuko da, eta horrek aukera emango du zerbitzu espezializatu gehiago gerturatuz joan-etorriak gutxitzeko.
Gainera, 11,3 milioi euro erabiliko dira kontsultetako ekipamendua eguneratzeko: ohatila altxagarriak, ekografoak, desfibriladore erdiautomatikoak eta bestelako tresneria erosteko, lehen mailako arretako baliabideak sendotzeko helburuarekin.
Ospitale-sarea eraldatzeko proiektuak: Tolosako ospitalea eta kanpo-kontsulten eraikin berriak
Ospitale-mailan, 842,7 milioi euroko inbertsioa aurreikusten da, eraikin berriak altxatzeko eta egungo egiturak handitu zein modernizatzeko. Zerrendan, Tolosan egingo den ospitalea (107 milioi euro) da aipamen handiena jaso duenetako bat: 74 ohe eta 3 bloke kirurgiko izango ditu, eta Gipuzkoan proba diagnostiko eta osagarrietarako erreferentzia izatea espero dute.
Beste berrikuntza garrantzitsu bat da kanpo-kontsultetarako eraikin berriak eraikitzea Basurtun, Galdakao-Usansolon, Donostian eta Gurutzetan. Txagorritxun aplikatutako logikarekin, asmoa da anbulatorioko pazienteen eta ospitaleratuta daudenen zirkuituak bereiztea, espazioen antolaketa eraginkorragoa izan dadin. Guztira 344,5 milioi euroko inbertsioa aurreikusi da, eta Jaurlaritzak argi utzi du Galdakao, Donostia eta Gurutzetako lanak 2032ra arte luzatuko direla.
Horrez gain, beste hainbat zentrotan ere aurreikusi dituzte handitze eta eraberritze lan handiak, tartean Zumarragako, Bidasoko eta Txagorritxuko ospitaleetan.
Prontoterapia: Osakidetzaren apustu berezienetako bat
Planaren barruan, tratamendu aurreratuen atalean, Prontoterapiako Unitate berria da proiektu estrategikoenetakoa. Donostiako Unibertsitate Ospitalearen menpe egongo da, 61,4 milioi euroko inbertsioarekin. Jaurlaritzak nabarmendu du zerbitzu publiko modura tratamendu onkologiko espezializatu hori eskaintzen duen lehen egitasmoa izango dela Osakidetzarena, eta eragin-eremua zabaldu dute: EAEko lurraldeez gain, Nafarroa, Iparraldea, Errioxa eta Burgos zein Soriako probintziak ere artatuko lituzke. Aurreikuspenen arabera, 2027aren amaieran artatuko dute lehen pazientea.
Diagnostikorako eta irudigintzarako berritze teknologikoa
Eraikinak berritzearekin batera, ekipoak eguneratzeko partida handia iragarri dute: 192,6 milioi euro, TACak, erresonantzia magnetikoak, mamografoak, X izpien gelak eta hemodinamika zein angiografiako guneak berritzeko.
Azkenik, sare osoaren mantentze eta jasangarritasunerako 271,13 milioi euroko inbertsioa ere aurreikusten da. Eta horri, digitalizazioaren alorrean martxan dagoen 100 milioi euroko lerroa gehitzen zaio, baliabide propioekin eta Europako funtsen ekarpenarekin elikatua, osasun-sistemaren eguneroko kudeaketa eta antolaketa modernizatzeko.



