Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak agindu berri bat onartu du, Dermatosi Nodular Kutsakorraren (DNC) aurrean prebentzio neurriak indartzeko.
Neurrien paketeak bi norabide nagusi ditu: alde batetik, animalien presentzia duten azoka eta jarduerak bertan behera uztea; bestetik, abereen mugimendua eta bio-segurtasun baldintzak zorroztea. Agindua abenduaren 26tik aurrera sartuko da indarrean.
Noiz arte egongo dira indarrean murrizketak?
Jaurlaritzak zehaztu du neurriak 2026ko otsailaren 26ra arte mantenduko direla, eta egoera epidemiologikoaren bilakaeraren arabera luzatzeko aukera zabalik utzi du. Erabakia publiko egin dute, gainera, Santo Tomas edo Santa Luzia bezalako azokak ospatu eta hurrengo egunean.
Azokak, lehiaketak eta ekitaldi ibiltariak, etenaldian
Aginduak berariaz jasotzen du animalien presentzia ez dela onartuko aldi baterako izaera duten jarduera ugaritan: feriak, lehiaketak, erakustaldiak, azokak, erromeriak, herri kirol ekitaldiak eta antzeko beste edozein hitzordu.
Helburua, Jaurlaritzaren esanetan, argia da: «neurri prebentibo osagarriak hartzea eta kontzentrazioak saihestea, gaixotasunaren transmisioa erraz ez dadin eta ustiategiak babestuta egon daitezen».
Salbuespenak egon daitezke, baina baldintza zorrotzekin
Hala ere, ate bat zabalik utzi dute: foru aldundiek salbuespenez baimendu ahal izango dituzte espezie “sentikorrak” ez diren animaliekin egin beharreko ekitaldi jakin batzuk. Horretarako, ezinbestekoa izango da desinfekzio eta desintsektazio plan sanitario zehatz bat aurkeztea, eta plan hori dagokion abeltzaintza zerbitzuak baliozkotzea.
Abereen mugimendua: ziurtagiriak eta desintsektazioa derrigor
Aginduak garraioari ere zuzenean eragiten dio. Aurrerantzean, animaliak eramaten dituzten ibilgailuek garbiketa eta desinfekzio ziurtagiria eraman beharko dute, eta, horrez gain, desintsektazioaren gaineko erantzukizunpeko adierazpena. Animaliak beraiek ere desinfektatu beharko dira, salbuespen bakarrarekin: hiltegira zuzenean doazen mugimenduetan ez da derrigorrezkoa izango.
Sarrera-mugak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan
Beste neurri garrantzitsu bat ere ezarri du Jaurlaritzak: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoara ezingo dira sartu DNCren aurrean “eremu murriztu” gisa aitortutako guneetako ustiategietatik datozen animaliak. Salbuespen gisa, bai onartuko dira Europako araudiarekin bat txertatuta dauden animaliak.
Kanpotik datozen abereak: 28 eguneko jarraipena eta probak
Lurraldetik kanpotik EAEko ustiategietara iristen diren behi-aziendek eta bestelako espezie sentikorrek kontrol eta zaintza berezia izango dute gutxienez 28 egunez. Epe horretan proba diagnostikoak egitea aurreikusi da, eta animaliak desinfektatuta mantendu beharko dira.
Gainera, aginduak jasotzen duenez, ustiategi hartzaileek aldi baterako immobilizazioa jasan dezakete, eta horrek bertan dauden animalia sentikor guztiei eragin diezaieke.



