Gipuzkoako garraio publikoan gaur egun dauden hobariak luzatzeko erabakia hartu du Gipuzkoako Lurraldeko Garraio Agintaritzak (ATTG), 2026ari begira. Horri esker, Mugi sistemaren abantailei lotutako beherapenek jarraipena izango dute datorren urtean ere, adin-tarteen arabera.
Adinaren araberako neurriak: doan 15 urtera arte, %50 gazteentzat
ATTGk onartutakoaren arabera, adingabeek doan bidaiatzen jarraituko dute 15 urte bete arte. 15 eta 25 urte bitarteko erabiltzaileek, berriz, %50eko hobaria izango dute garraio publikoan. Gainerako bidaiariek %40ko deskontua edukiko dute.
Azken talde horren kasuan, txartelen kostuaren zati bat bi administraziok estaliko dute: %20 Espainiako Gobernuak hartuko du bere gain, eta beste %20a tokian tokiko administrazio eskudunek.
Erabakia, ostiraleko batzar berezian
Neurria ostiralean egindako ezohiko batzar batean onartu du ATTGk, eta, Azahara Dominguez mugikortasun, turismo eta lurralde antolaketako diputatu eta ATTGko presidenteak azaldu duenez, Gipuzkoak bat egingo du Espainiako Gobernuaren errege dekretuak jasotzen dituen deskontuekin.
Dominguezek azpimarratu du garraio publikoa merkeagoa izatea funtsezkoa dela mugikortasun iraunkorra bermatzeko, eta horrek pertsona guztien egunerokoa errazten duela: «prezio eskuragarrien alde egitea oinarrizkoa da, pertsona guztiek mugikortasun jasangarriagoa izan dezaten, non bizi diren edo zein errenta duten kontuan hartu gabe».
Ildo berean, albiste ona dela nabarmendu du: «2026an ere, Mugi sistemaren abantailak indarrean dauden deskontuekin osatzen jarraituko dute».
Bizkaian ere, antzeko bidea
Gipuzkoaren erabakia ez da isolatua: Bizkaiko Garraio Partzuergoak (CTB) ere abenduaren hasieran adostu zuen garraio publikoko hobariak luzatzea, eta horrek, gainera, deskontuen inguruan EAJren eta PSEren artean sortutako tirabira bati amaiera ematen lagundu zuen.



