Donald Trumpek berriz ere baztertu du Venezuelan hauteskundeak laster egitea, AEBen esku-hartzearen ondorengo testuinguruan. NBC kateari emandako elkarrizketa batean, AEBtako presidenteak azaldu du bozketa deitzea ez dela “oraingoz” aukera erreala, bere ustez herrialdea ez dagoelako horretarako moduan.
Trumpek nabarmendu du lehenengo pausoa “herrialdea egonkortzea” dela, eta hortik aurrera etorriko liratekeela bestelako urrats politikoak. Bere hitzetan, «Lehenik herrialdea konpondu behar dugu. Ezin dira hauteskundeak egin; ezinezkoa da jendeak bozkatu ahal izatea». Horregatik, epe laburreko irtenbiderik ez du irudikatu: «Denbora beharko da; herrialdea zaindu behar dugu suspertu arte».
“Taldea” aipatu du, baina azken erantzukizuna bere gain jarri
Etxe Zuriko maizterraren esanetan, Venezuelarekin lotutako prozesua gainbegiratzeko hainbat kargu publiko ariko dira, “ezagutza ezberdinekin” osatutako talde gisa. Izen propio batzuk ere jarri ditu mahai gainean: JD Vance presidenteordea, Marco Rubio estatu-idazkaria, Pete Hegseth Defentsa idazkaria eta Stephen Miller aholkularia.
Hala ere, nor den azken hitza duen galdetzean, Trumpek ez du zalantzarako tarterik utzi, eta erantzun zuzena eman du: «Ni».
Delcy Rodriguez, jarduneko agintean; Trumpek “elkarlana” aipatu du
Elkarrizketan, Trumpek adierazi du Venezuelako presidentetza “jardunean” Delcy Rodriguezek hartu duela, eta, gainera, Washingtonen ikuspegitik, harreman praktiko baterako bidea egon daitekeela iradoki du. Trumpek dio Rodriguezek AEBekin “kooperatzen” ari dela, egoeraren kudeaketan.
Petrolioa, planaren ardatz nagusietako bat
AEBtako presidenteak argi utzi du, bestalde, petrolioak pisu handia duela bere planteamenduan. Trumpek esan du AEBtako petrolio-konpainiek Venezuelan jarduera “handiagoa” martxan jartzeko aukera izango luketela, eta bere kalkuluen arabera, 18 hilabete baino gutxiagoan mugimendu esanguratsuak egon litezke.
Inbertsio handiak beharko liratekeela ere azpimarratu du, eta finantzaketaren logika azaldu du: «Diru kopuru izugarria gastatu beharko da, eta petrolio-konpainiek egingo dute; gero, guri esker edo diru-sarreren bidez jasoko dute itzulera». Trumpek, gainera, etekin bikoitza marraztu du: «Oso ondo joango zaie, eta herrialdeari ere ondo joango zaio».
AEBen interes ekonomikoa: petrolioaren prezioa “behean” mantentzea
Trumpek bere argudioa AEBtako interes ekonomikoekin lotu du, eta esan du petrolioa ekoizten duen Venezuela “mesedegarria” dela AEBentzat, bere ustez horrek petrolioaren prezioan beheranzko presioa egiten duelako. Horrela justifikatu du petrolioaren aldeko apustua, esku-hartze osteko etapa honetan.



