EAEko ekonomia ulertzeko orduan, askotan begirada enpresetara, soldatetara eta fakturazioetara joaten da. Baina Eustatek kaleratutako azken kalkuluen arabera, etxe barruan egiten den lan “ikusezinak” pisu izugarria dauka: 2023an, ordaindu gabeko etxeko lanen balioa 26.856 milioi eurokoa izan zen, eta horrek BPGaren %28,8 osatu zuen. Estatistika erakundeak azpimarratu du jarduera horiek normalean ez direla Barne Produktu Gordinean sartzen, baina «ongizate kolektiborako funtsezkoak» direla.
Kontu satelite baten helburua: etxeko ekoizpena ikusgai bihurtzea
Neurketa hori egiteko, Eustatek Etxeko Lanaren Kontu Satelitearen zazpigarren edizioa prestatu du. Helburu nagusia ez da etxeetan egiten dena “etxeko kontu” hutsean uztea, baizik eta jarduera horiek osotasunean aztertzea eta balio ekonomiko bihurtzea: etxebizitzari eustea, elikadurarekin lotutako zereginak, arropa-kudeaketa, eta zaintza eta hezkuntzari lotutako lanak, besteak beste.
Zer lanek daukate pisurik handiena?
2023ko banaketak ez du iraultzarik erakusten 2018arekin alderatuta, baina joera batzuk nabarmenago ageri dira. Elikadurarekin lotutako lanek protagonismoa handitu dute eta etxeko ekoizpenaren zatirik handiena hartu dute: %43,4ra igo dira (2018an baino hiru puntu gehiago). Arropa eta antzeko eginkizunek ere gora egin dute, %8,1era iritsita (puntu erdi gehiago).
Aldiz, zaintza eta hezkuntzari lotutako lanek pisua galdu dute: %18,9an geratu dira, duela bost urteko datuekin konparatuta hiru puntu eta erdi beherago. Beste multzo handi batek, ostatu edo etxebizitzari lotutako lanek, ia bere horretan jarraitzen dute, %29,6ko pisuarekin.
Genero-arrakala, handia oraindik; baina joera motel bat ageri da
Eustatek berak dioenez, desoreka nabarmena da oraindik ere. 2023an, etxeko lan ordaindu gabeen %63,5 emakumeek egin zuten (2018an %67,2 izan zen). Hala ere, azken hamarkadetan aldaketa sumatzen hasi da: gizonen inplikazioa pixkanaka handitu da, eta 30 urteko tartean 15,8 puntu igo da.
Bizkaia buru, eta atzetik Gipuzkoa eta Araba
Lurraldeka begiratuta, etxeko lanen balioaren zati handiena Bizkaiari dagokio: %55,2. Gipuzkoak %30,3 biltzen du, eta Arabak %14,5. Datu horiek etxeko jardueren “tamaina ekonomikoa” erakusten dute, eta Eustatek horiei esker, EAEko barne-dinamikak beste ikuspegi batetik ulertzeko aukera ematen duela iradokitzen du.
Krisi-garaiek etxeko ekoizpena handitzen dute
Azterketak beste ondorio bat ere azaleratu du: etxeko ekoizpena kontraziklikoa izaten dela. Hau da, krisi sasoietan gora egiten du, baliabide eta ohiturek merkatu-ekonomiatik etxeko ekonomiara egiten dutelako “lerratzea”; oparoaldietan, berriz, joera hori apaldu egiten da.
Bilakaera historikoak ondo laburbiltzen du fenomenoa: 1993an pisua %45,5era iritsi zen; 2018an %27,4ra jaitsi zen; eta 2023an %28,8an kokatu da, aurreko edizioaren antzeko mailan.



