Elbereth metal talde legazpiarrak bere agurreko kontzertua iragarri du: martxoaren 28an emango dute, etxean, Legazpin, ‘Oholtza bete doinu’ jaialdiaren baitan. Emanaldi berezi honetan, Koma taldearekin partekatuko dute eszenatokia, eta agur usaina izango du guztiz.
Azken kontzertuak izenburu esanguratsua izango du: ‘Azken agurra, azken egurra’, eta 25 urteko bideari amaiera emateko une garrantzitsua izango da taldearentzat.
Mende laurdeneko bide oparoa
Taldeak zabaldu duen oharrean gogora ekarri du zer izan den Elberethentzat azken bi hamarkada luze hauetan: kontzertuak, diskoak, bidaiak, entseguak eta, batez ere, lagunak eta bizipenak. Hitz sinple baina hunkigarrietan laburbildu dute ibilbidea: “Mugarri asko lortu ditugu, amets izan zirenak egia bihurtuz”.
Elberethen hitzetan, urte hauetan bost disko kaleratzeko eta ohoretzat dituzten taldeekin oholtza partekatzeko aukera izan dute, eta bide horretan lagun berriak ere egin dituzte. Baina etapa horri orain amaiera ematea erabaki dute, eta agurra etxean egitea hautatu dute.
Omenezko gaua: Andoni eta Iñurri gogoan
Legazpiko azoka izango da kontzertuaren eszenatokia, 22:00etatik aurrera, eta sarrerak 15 eurotan daude eskuragarri. Emanaldiak une hunkigarriak ere izango ditu, Andoni eta Iñurriren omenezko keinuak tarteko: «Kontzertu oso berezia izango da, eta azkena ere bai», adierazi dute.
‘Omen’, azken urratsa
Taldeak iazko urrian kaleratu zuen bere azken lana, Omen, Basque Metal Country zigilupean. Lan hori 2023ko maiatzean aurkeztu zuten Burdina Astintzen jaialdian, eta horrekin itxi dute bere diskografia.
Orain, eszenatoki gaineko azken txanda iritsi zaie. Eta hori ospatzeko, azken kolpea jotzeko prest ageri dira: azken egurra, ozen eta bihotzez.



