Osakidetzak 3.434 pertsonari atzeman zion depresioa 2025ean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Aurreko urteko datuekin alderatuta %12ko jaitsiera izan da, baina oraindik ere ia 20.000 lagunek bizi dute egoera hori gaur egun EAEn.
Lurraldeen arabera, honako hauek izan dira kasu kopuruak: Araban 2.288, Bizkaian 10.005 eta Gipuzkoan 6.622. Kasuen gehiengoa emakumeen artean atzeman da, batez ere 46 eta 75 urte bitarteko adinean.
Emakumeak eta helduak, zaurgarrienak
2025ean diagnostikatutako kasu berrien artean ere emakumeek osatu dute gehiengoa —%60tik gora— eta profil ohikoena adin ertaineko emakumeena da. Araban 391 kasu berri izan dira, Bizkaian 2.035 eta Gipuzkoan 1.004.
Osasun mentalaren inguruko kontzientzia funtsezkoa dela azpimarratu dute
Depresioaren Aurkako Munduko Eguna zela eta, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak datu horiek plazaratu zituen, eta osasun mentalari ematen zaion arreta lehen lerrora ekarri. Koldo Berganzo Osakidetzako Asistentzia Sanitarioko zuzendariak honako mezua zabaldu zuen: «Funtsezkoa dugu den-denok ulertzea osasun mentalak duen garrantzia eta horrek gure bizitzetan duen eragina. Depresioa tratatu daiteke, eta laguntza bilatzea bada urrats garrantzitsua. Osakidetzan konpromisoa hartu dugu behar dutenei behar duten laguntza emateko».
Sintomak iraunkorrak direnean, osasun-zentroko profesionalekin kontsultatzea gomendatu du Sailak, bereziki tratamendua goiz eskuratzeko eta egoera larriagorik saihesteko.
Nahasmendu bakar bat baino gehiago
Depresioaren atzean ezkutatzen diren egoerak askotarikoak dira: depresio handia, distimia eta bestelako nahasmendu depresiboak ageri dira horien artean. Gainera, depresio-faseak nahasmendu bipolarrarekin ere lotu daitezke, eta kasu horiek espezializazio maila handiagoa eskatzen dute.
Munduan, %10 ingurukoa da depresioaren prebalentzia eta buruko osasunaren inguruko eztabaidak geroz eta oihartzun handiagoa hartzen ari dira gizarteetan.
500.000 kontsulta baino gehiago, urtean
Lehen Mailako Arretan artatzen dira depresio kasu gehienak Osakidetzan (%55), eta tratamendu arruntak ez direnean nahikoa izaten, arreta espezializatua eskaintzen zaie osasun mentaleko zentroetan.
Urtero 500.000 kontsulta inguru jasotzen ditu EAEko Osasun Mentaleko Sareak, eta 120.000 pazientek baino gehiagok jasotzen dute arreta. Depresioaz gain, beste hainbat patologia lantzen dira sare horretan: antsietatea, eskizofrenia, nahasmendu bipolarra, adikzioak… eta horiek helduei ez ezik, haur eta nerabeei ere eragiten diete.
Euskadi, osasun mentalaren arretan erreferente
Osakidetzako osasun mentaleko sarean 1.600 profesional baino gehiago aritzen dira lanean; horietatik %20 inguru psikiatriako espezialistak dira. Osasun Sailaren arabera, EAE «arreta psikiatrikoaren buruan» kokatzen da: 100.000 biztanleko 15 psikiatra daude bertan, Estatuko batez bestekoa baino nabarmen handiagoa (9,27 psikiatra 100.000 biztanleko).



