Espainiako Gobernuak jabeei pizgarri fiskalak eskaintzeko asmoa du, alokairuaren prezioak ez igotzearen truke. Neurria datozen asteetan ezarriko dela jakinarazi du Pedro Sanchezek, eta dekretu bidez egingo dutela iragarri du Madrilen egindako ekitaldi batean.
Iragarpenaren arabera, epe jakinerako alokairu-kontratuetan eta logelen alokairuetan ere neurri berriak aplikatuko dira. Logelak banaka alokatzen diren kasuetan, guztien baturak ezin izango du gainditu etxebizitza osoarentzako ezarritako prezio-muga, eta eremu “tentsoetan” kontrol-neurri zorrotzagoak ezarriko dira, Etxebizitza Legean jasotakoaren arabera.
Neurria, opari fiskala edo iruzurra?
Ezkerreko alderdi batzuentzat, Sanchezen iragarpena bidegabea da. EH Bilduko Oscar Matutek adierazi du «Gobernuak errentatzaileei diru publikoa oparitu nahi diela, irabazi gehiago izan ditzaten». Gaineratu du Gobernuak egin beharrekoa dela «2026an amaitzen diren kontratuak automatikoki luzatzea, ez zergak barkatzea jabe pribilegiatuei».
Sumarren eta Podemosen erantzuna ez da leunagoa izan. Yolanda Diaz presidenteordeak uste du «errentatzaileei diru publikoa ematea akats larria dela», eta argi utzi du ez dutela neurria babestuko. Irene Montero eurodiputatuak, berriz, adierazi du Podemosek kontra bozkatuko duela, «ezin baitira opariak egin errentatzaileei gaur egungo egoeran».
Facuak ere mesfidati
Kontsumitzaileen aldeko Facua elkarteak ere kritikatu du Gobernuaren proposamena. Haien ustez, neurria ez da nahikoa, eta erakusten du Gobernuak ez duela «benetako borondaterik espekulazioaren aurka egiteko».



