Ez da baimenik behar, ez ezagutza teknologikorik, ezta zentimorik ordaindu ere: nahikoa da X sare sozialean Grok izena aipatu eta argazki bat igotzea, emakume hori biluzik edo ia biluzik irudikatzeko. Hori izan da Grok adimen artifizialarekin azken asteetan zabaldutako praktikaren funtzionamendua. Tresnak, teorian, ez du sexu bereizketarik egiten, baina errealitatean argi dago: emakumezkoen gorputzak dira gehiengoz manipulatu eta biluzten direnak.
Erabilera horrek dimentsio larria hartu du, adin txikikoen irudiak ere biluzik sortu izan direlako. AI Forensics erakundeak aztertutako 20.000 irudik erakusten dute erabilera horren eragina: %50 baino gehiagotan jendea ia biluzik ageri da, %81 emakumeak dira, eta %2 adin txikikoak. Groken irudien erabilera Gabonetan hasi zen masiboki eta, harrezkero, nazioarteko eskandalua piztu da.
Adin txikikoak, pornografia faltsua eta isunak
Indonesiak behin-behinean blokeatu du Grok, eta Filipinek ere antzeko neurriak hartzeko asmoa du. Erresuma Batuak, Estatu Batuek eta Malaysiak ikerketak abiatu dituzte, eta Irlandako Gobernua 200 haur-abusu kasu ikertzen ari da, X sare sozialaren bidez egindakoak. Europako Batasunak Musken sare sozialari azalpenak eskatu dizkio, eta isun mehatxuak jarri ditu mahai gainean. Espainiako Gobernuak, bere aldetik, kezka agertu du eta Estatuko Fiskaltza Nagusiari eskatu dio iker dezala ea haur pornografiaren aurkako deliturik egon den.
Egoera larriaren aurrean, Xk neurriak hartu dituela iragarri du: hilaren 9an, irudiak sortzeko aukera ordainpeko kontuetara mugatu zuen, baina horrek haserrea eragin du. Sarean zabaldu den bezala, «abusua monetizatzea» egotzi diote Elon Muski. Azkenean, aste honetan, aukera hori guztiz mugatu du, baita harpidedun ordainduei ere.
“AIa tresna da, baina erantzukizuna ere badago”
Unai Aberasturi, EHUko Zuzenbide irakaslea eta Datuak Babesteko Euskal Agintaritzako presidentea da. Haren ustez, baimenik gabe norbaiten irudia manipulatu eta biluztea «zigorra ekar dezakeen delitua da», eta ohartarazi du adingabeek ere badutela erantzukizuna 14 urtetik aurrera.
Araudia existitzen da, baina Aberasturik dio arazoa ez dela lege falta, baizik eta aplikazio falta: «Arazoa da arauak aplikatzen diren ala ez kontrolatzea, eta ez badira aplikatzen, arriskuak ekiditeko erabaki politikoak hartzea». Horrez gain, nabarmendu du plataformen jabeek ere badutela ardura, «aukera irekitzen dutelako arrisku horiek gauzatzeko». Horregatik, enpresei eskatu die «pribatutasun politika egokiak eta segurtasun irizpideak» ezar ditzatela.
Emakumeak jomugan: indarkeria digitala eta matxismoa eskutik
Euskal Herriko Bilgune Feministako Elene Lopetegik adierazi du gertatzen ari dena ezin dela isolatuki ulertu: «Indarkeria digitala, funtsean, indarkeria matxista mota bat da». Lopetegiren iritziz, erasotzaileentzat oso erosoa da pantaila atzean egotea, «biktimari aurpegira begiratu gabe ere, emakume baten aurka aritzeko aukera ematen duelako».
Ez du harritu adingabeen artean ere kasuak agertu izana. Hainbat ikastetxetan mutilek adimen artifiziala baliatu dute ikaskide neskei xantaia egiteko. Dena den, baikor mintzatu da: «Gazte feministak lehen baino askoz ahaldunduago daude; hori ere kontuan hartu behar da».
Irudien hedapena, kaltea eta erreparazio zailak
Aberasturik adierazi du biktimentzat ez dela erraza kaltea erreparatzea: «Kalte-ordainak izan daitezke bide bat, baina imajinatu zer ezinegon sortzen duen zure irudi sexualizatua sarean zabaltzen dela jakiteak». Gainera, irudia sarean dagoen bitartean, «ezabatzeko eskubidea errealitate bihurtzea oso konplexua da».
Groki eskatu dakioke irudi bat ezabatzea, baina behin sare sozialetan zabaldu ondoren, kontrola galtzen da. Horregatik, Aberasturik zein Lopetegik azpimarratu dute funtsezkoa dela prebentzioa eta kontzientziazioa: zuzenbidearen eta feminismoaren ikuspegitik, tresnak badaudela, baina ez direla nahikoak ekintzarik gabe.



