Ikasleak lehen lerroan jarri nahi ditu Ikamak martxoko bi mobilizazio egunetan, ‘Atzo, gaur eta beti ikasleak lehen lerroan’ goiburupean. Antolakundeak argi adierazi du borroka historikoen oroimena eta herri gisa erabakitzeko gaitasuna direla greben oinarria, eta horregatik, bi data estrategiko aukeratu ditu kalera irteteko.
Gasteizko sarraskiaren 50. urteurrenean, mobilizazio nazionala
Lehenengo greba eguna martxoaren 3a izango da, 1976ko Gasteizko sarraskiaren 50. urteurrenean. Egun hartan, Espainiako poliziak bost langile hil zituen eliza barruan zeuden bitartean. Ikamaren arabera, gertakari hura ezin da ahaztu, eta «ikasle mugimenduak langile borrokaren transmisioan duen zereginaz hausnartzeko unea» da.
Horregatik, greba egunaz gain, mobilizazio nazional bat antolatu dute Gasteizen, 12:00etan Elurretan hasita. Ikasleek egungo borrokak iraganekoekin lotzeko asmoa dute, memoriak eta ekintzak uztartuz.
Martxoaren 17an, ikasleak ere kalera gutxieneko soldata eta burujabetzaren alde
Bigarren greba eguna martxoaren 17an izango da, euskal gehiengo sindikalak deitu duen greba orokorrarekin bat eginez. Ikamak nabarmendu duenez, ikasleak ere bat egingo dute ‘Gutxieneko soldata hemen erabaki. SMI 1.500 €. Mejorar salarios para repartir la riqueza’ lelopean mobilizatuko diren sektoreekin.
Ikasle antolakundearen esanetan, «greba honek burujabetzaren aldeko ariketa politiko bat planteatzen du, eta ikasleriak ezinbesteko eginkizuna du prozesu horretan». ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalde dira greba honen sustatzaileak, eta Ikamak uste du ikasleek aktiboki parte hartu behar dutela aldaketa sozial eta ekonomikoen norabidea definitzeko orduan.
Ikasle mugimendua: iraganetik etorkizunera
Ikamak azpimarratu du ikasle mugimendua ez dela hezkuntzari lotutako gaietara mugatzen, eta gizartearen erronka nagusietan eragiteko gaitasuna baduela. «Langile borrokaren transmisioa, memoria historikoaren zaintza eta erabakitzeko eskubidea uztartuz, ikasleok gure lekua hartu behar dugu borroka sozialean», adierazi dute ohar bidez.



