Frantziako Batzar Nazionalak baiezkoa eman dio sare sozialen erabilerari buruzko lege-proiektuari, eta 15 urtetik beherako adingabeei sare sozialetara sartzea debekatuko die lege berriak. Neurria astelehen honetan onartu da gehiengo zabalarekin, eta 2026ko irailaren 1ean sartuko litzateke indarrean, salbu eta Senatuak bestelakorik esaten badu.
Lege-proiektuaren lehen artikuluak honakoa dio: «Lineako sare sozial baten zerbitzura sartzea debekatuta dago 15 urtetik beherakoentzat». Testua gobernuak eta Emmanuel Macron presidenteak berak babestu dute, eta 116 boto jaso ditu alde, eskuineko eta ezkerreko hainbat indarren babesarekin: eskuin muturreko Rassemblement National, UDR, Alderdi Komunista, Liot talde independentistak eta Berde gehienak.
Aldiz, France Insoumise ezker muturreko taldeak 23 boto eman ditu aurka, eta Alderdi Sozialistako ordezkariek gehienbat abstentziora jo dute, FranceInfo irrati publikoak jakinarazi duenez.
Sare sozialen presio komertziala mugatzeko emendakina
Testu nagusiaz gain, PSko diputatu Ayda Hadizadehek aurkeztutako emendakin bat ere onartu da, gutxigatik bada ere. Emendakin honek sare sozialen plataformei eskatzen die adina gutxiko erabiltzaileak presio komertzial neurrigabearen aurrean babesteko, eta osasun fisiko edo mentalari kalte egin diezaioketen produktuen edo zerbitzuen sustapena debekatzen du, adingabeentzat diseinatutako sare sozialetan.
Lizeoetako mugikorrak ere jomugan
Astearteko saioan, parlamentariek lizeoetan telefono mugikorrak erabiltzea debekatzeko proposamena ere eztabaidatuko dute. Gaur egun, Frantzian lehen eta bigarren hezkuntzako ikastetxeetan dagoeneko debekatuta dago mugikorrak erabiltzea, eta orain, bigarren hezkuntzako azken urteetara (lizeoak) zabaldu nahi da neurria.
Legea Senatura iritsiko da otsailean
Testuak Senatuan izapideak jarraituko ditu otsailaren erdialdean, eta han onartzen bada, Frantzia izango da Europako lehen estatua sare sozialen debeku zehatz hau ezartzen, eta munduan bigarrena Australia atzetik (han 16 urtetik beherakoentzat dago debekua).
Macron: «Gure seme-alaben buruak ez daude salgai»
Legearen onarpenaren harira, Emmanuel Macronek sare sozialen bidez adierazi du «frantsesen gehiengo zabal batek eskatzen duen neurria» dela hau, eta «zientzialarien gomendioekin bat» datorrela. Presidenteak adierazi du legea ahalik eta azkarren indarrean sartzeko, gobernuari izapide azeleratuaren erabilera eskatu diola, Senatuarekin adostasunik ez balego ere.
Macronek argi utzi du neurria ez dela teknologia aurkakoa, baizik eta haurren ongizatea eta askatasuna babestea dela helburua: «Gure seme-alaben buruak ez daude salgai. Ez AEBtako plataformentzat, ez Txinako sareentzat. Haien ametsak ez dituzte algoritmoek agindu behar. Ez dugu nahi antsietatez beteriko belaunaldi bat; gure balioetan sinesten duen belaunaldi bat nahi dugu».
Amaitzeko, iragarri du: «Irailaren 1etik aurrera, gure haur eta nerabeak babestuak egongo dira. Ziurtatuko dut horrela izango dela».



