UNU-Inweh Institutuak –Nazio Batuen Unibertsitateko Uraren, Ingurumenaren eta Osasunaren Institutuak– egindako ikerketak agerian uzten du gizakiak baliabide hidrikoen gainetik bizi dela. Kaveh Madani zuzendariak azaldu duenez, «egia deseroso bat azaleratzen du lan honek: eskualde askok beren ahalmen hidrikoak gainditu dituzte, eta hainbat sistema funtsezko kolapsatuta daude».
Txostenaren arabera, herrialde askok ez ezik euren ur-iturburu berriztagarrien “urteko diru-sarrerak” xahutu dituzte, baizik eta akuifero, glaziar, hezegune eta bestelako gordailu naturalak ere agortzen ari dira, hau da, euren “aurrezkiak”. Ondorioz, gero eta ohikoagoak dira akuiferoen trinkotzea, lur-suntsitzea, hezeguneen eta aintziren desagerpena eta biodibertsitatearen galera itzulezinak.
Estres hidrikoa baino harago: bankarrota
UNUko adituek kontzeptu berri bat definitu dute: “ur-bankarrota”, hau da, uraren gain-esplotazio iraunkorra, bai gainazaleko zein lurpeko uren kasuan, eta horren ondorioz natur kapitalaren galera itzulezin edo garestiegia. Hori, Madaniren esanetan, «ez da tokian tokiko krisia, baizik eta maila globalean partekatutako arriskua».
Klima-aldaketarekin edo pandemiekin gertatzen den bezala, ez da eragina leku guztietan berdina, baina nahikoa sistema hidriko kolapsatu dira mundu osoan arazo global bihurtzeko. «Eremu bat itxuraz hezea izan daiteke, baina hori ez da nahikoa; funtsezkoa da oreka eta jasangarritasuna», azpimarratu dute egileek.
Ondorio sozial eta politiko larriak
Ur-bankarrota ez da soilik ingurumena ukitzen duen krisia. Txostenaren arabera, «justizia kontua da, eta gizarte eta politika mailan ondorio sakonak ditu». Kaltetuenak betiko kolektibo ahulenak dira: emakumeak, gazteak, nekazari txikiak, jatorrizko herriak eta hiri pobreetako biztanleak. Hala ere, gehiegizko ustiapenaren onurak botere handiena dutenen esku geratu dira.
Tshilidzi Marwala Nazio Batuen idazkari nagusiordeak ohartarazi du «ur-bankarrota zaurgarritasun, desplazamendu eta gatazken iturri bihurtzen ari dela», eta azpimarratu du «komunitate ahulak babestea eta galera saihestezinak modu bidezkoan banatzea funtsezkoa dela bakea eta kohesio soziala mantentzeko».
Eraldaketa premiazkoa eta posiblea da
Kaveh Madanik aitortu duenez, «ezin dira berreraiki desagertutako glaziarrak, ezta akuifero trinkoak bete ere, baina gelditzen zaigun natur kapitala gal ez dadin, neurri ausartak hartu behar dira». Horregatik, txosten hau ez da etsipenerako gonbita, baizik eta errealismorako eta eraldaketarako deia.
Etorkizuneko mugarriek –hala nola 2026 eta 2028ko Uraren NBE Konferentziek, edo Garapen Iraunkorreko Helburuen 2030eko mugarriak– aukera paregabea eskaintzen dute uraren inguruko agenda globalaren norabidea aldatzeko. «Ahal dugu. Baina zenbat eta gehiago atzeratu, orduan eta handiagoa izango da zor hidrikoa», ohartarazi du Madanik.
Datuak: uraren gainbeheraren irudi lazgarria
Txostenak hainbat datu kezkagarri biltzen ditu, joera arriskutsu horren neurri globala agerian jartzen dutenak:
- Aintzira handien %50 ur-galerak izan ditu 1990eko hamarkadaz geroztik, nahiz eta gizateriaren laurdenak zuzenean haien mendekotasuna duen.
- Etxeko erabilerarako uraren %50 lurpeko uretatik dator gaur egun.
- Akuifero garrantzitsuen %70ek beheranzko joera iraunkorra dute.
- 410 milioi hektarea hezegune natural galdu dira azken bost hamarkadetan (EB osoaren azalera ia).
- 1970etik %30 glaziar masa galdu da, eta espero da latitude ertain eta baxuetako glaziar funtzional guztiak desagertuko direla hamarkada gutxiren buruan.
- 170 milioi hektarea ureztatzeko lur estres hidriko handia edo oso handia pairatzen ari dira (Espainia, Frantzia, Alemania eta Italiaren azalera batuta bezainbeste).
- Urtetik urtera lehorteek 307.000 milioi dolar inguruko kostua eragiten dute, eta galdutako hezeguneen ekosistema-zerbitzuek 5,1 bilioi dolarreko balioa dute urtean.
- 3.000 milioi pertsona bizi dira ur biltegiratze txikia edo ezegonkorra duten eremuetan, eta horietan ekoizten da munduko elikagaien %50 baino gehiago.



