Nafarroako Gobernuak etxebizitzaren inguruan sortzen diren gatazka eta zalantzei erantzun zuzena emateko zerbitzu berria abiatu du astelehen honetan. Aholkularitza eta bitartekaritza eskaintzen duen egitasmo hau doakoa izango da eta herritar guztiei zuzenduta dago, bereziki alokairuen eta hipoteka exekuzioen esparruan zailtasunak dituztenei.
Aholkua eta bitartekaritza espezializatua, eskura
Zerbitzuaren aurkezpenean, Etxebizitza kontseilari Begoña Alfarok azaldu duenez, «zerbitzu hau ez da informazioa emate hutsa, baizik eta laguntza aktiboa, kontsulten ebazpenean espezializatutako abokatuen eskutik». Horrez gain, kasuak konplexuak bihurtzen direnean eta bitartekaritza eskatzen dutenean, «espezialista egokiak izango ditugu esku hartzeko prest».
Zerbitzuaren helburu nagusia da «etxebizitzan bizi diren pertsona guztien segurtasuna bermatzea, jabe zein errentari izan, eta legea betetzen dela ziurtatzea», azpimarratu du Alfarok. Horrez gain, etxebizitza merkatuaren egonkortasuna bultzatu nahi da.
Zalantzei eta gatazkei aurre egiteko baliabide berria
Zerbitzuak alokairu fidantzen itzulketa, kontratuaren iraupeneko kalteen ardura nork duen edo merkatu tentsiodun guneetan sortzen diren egoerei buruzko zalantzak argituko ditu. Halaber, gehiegizko klausulei buruzko orientazioa eskainiko da, eta hipoteka ordaintzeko zailtasunak dituzten pertsonentzat edo etxegabetze prozedurak abiatu diren kasuentzat ere laguntza emango da.
«Etxebizitza merkatuan gatazka ugari sortzen dira errentatzaileen eta errentarien artean, edo hipotekei lotutako egoera konplexuak agertzen dira, eta askotan herritarrek ez dakite nora jo informazio bila», azaldu du Alfarok.
Aurrez aurre, telefonoz edo telematikoki
Zerbitzu berria Nafarroako herritar ororentzat izango da eskuragarri, doan. Hainbat bide erabil daitezke harremanetan jartzeko: telefonoa (900 841 648), posta elektronikoa (mediacion.vivienda@navarra.es) edo aurrez aurreko arreta, betiere hitzordua hartuta, Iruñeko Fuente del Hierro kalean. Era berean, arreta ibiltaria eskainiko da Tutera, Lizarra, Tafalla eta Elizondon.
Nafarroako Gobernuak komunikazio-kanpaina bat jarri du martxan zerbitzua ezagutarazteko, sare sozialen, prentsaren eta Iruñea eta Iruñerriako, Tutera, Tafalla eta Lizarrako markesinen bitartez zabalduko dena.
Esperientziaz osatutako lan taldea
Zerbitzua Provivienda elkarteak kudeatuko du. 1989tik etxebizitza arloan diharduen irabazi-asmorik gabeko elkarte hau lehiaketa publiko bidez hautatu dute, gutxienez urtebeteko iraupena izango duen kontratuaren bidez, eta lau urtez luzatu ahal izango da.
Proviviendako Gema Gallardok azaldu duenez, taldea koordinatzaile batek, gizarte-langile batek eta abokatu batek osatzen dute, «hipotekei, alokairuei eta bitartekaritzari buruzko adituak diren profesionalak». Halaber, «atal espezializatu baten babesa ere badugu, abokatuek, bitartekariek, gizarte-langileek eta komunitatean esku hartzeko adituek osatua».
Bitartekaritza prozesuak burutzeko, ordea, ezinbestekoa da alde biak ados egotea. Lehen urtean 270 pertsona inguru artatzea aurreikusten da, nahiz eta lehen urteko jarduera ez den beti adierazgarriena izango, zerbitzua pixkanaka ezagutzera emango baita.
Ez da ikuskaritza-zerbitzua, baina arau-hausteen berri emango da
Alfarok azpimarratu duenez, «zerbitzu honen helburua ez da arau-hausteak identifikatzea, horretarako badugu ikuskaritza eta zehapen unitate berezi bat». Hala ere, zerbitzu honen bidez arau-hausteren baten berri ematen bada, Etxebizitzako Zuzendaritza Nagusiari jakinaraziko zaio.



