Txinan udaberriko jaialdiaren harira egiten den chunyun lekualdaketa-aldia abian da, eta aurten 9.500 milioi bidaia baino gehiago espero dira, iazko 9.020 milioien marka ere gaindituz. Li Chunlin, Garapen eta Erreformarako Batzorde Nazionaleko zuzendariordeak adierazi duenez, aurten ere mugimendu errekor berriak ikusiko dira, herrialde osoan zehar.
40 egunez luzatzen den chunyun aldia Ilargiaren Urte Berriaren ospakizunekin bat dator eta, aurten lehen aldiz, oporrak bederatzi egunekoak izango dira —otsailaren 15etik 23ra—, barne-kontsumoa suspertzeko helburuarekin.
Trenak eta hegazkinak, errekor historikoen bidean
Kalkulu ofizialek diotenez, 540 milioi bidaiari erabiliko dituzte trenak eta 95 milioik hegazkinak, bien arteko kopuruak aurrekaririk gabeko mailetara iritsiko direlarik.
Agintariek adierazi dutenez, garraio-sistemaren gaitasuna indartuko da trafiko handieneko ibilbideetan eta eskari handiena duten eremuetan, aurreikusitako hazkundeari erantzun egokia emateko: «Garrantzitsua da jendeak segurtasunez eta eraginkortasunez bidaiatu ahal izatea egun seinalatu hauetan».
Ekonomia bultzatzeko aukera gisa ulertua
Chunyun Txinako jarduera ekonomikoaren termometro nagusietako bat bilakatu da, eta garraio-azpiegituren erresistentzia ere neurtzen duen aldi gisa ulertzen da. Pandemiaren ondoren, etxeko kontsumoak ez du nahi bezainbesteko hazkunderik izan, eta horregatik, lekualdaketa masibo hau aukera gisa aurkezten da kontsumoa eta zerbitzu sektorea pizteko.
Familia-bilerak eta turismoa, uztartuta
Chunyun tradizionalki familiarekin jaiak ospatzeko itzulera garaia izan da; jatorrizko lurraldeetara itzultzen dira herritarrak, etxeak garbitu, kaleko apaingarriak jarri eta familia-oturuntza handiak egiteko. Hala ere, azken urteetan gero eta gehiago dira jaiegun hauek bidaia turistikoetarako baliatzen dituztenak.
Txina geldiarazten duen jaialdia, esan ohi da Ilargiaren Urte Berriaren inguruan. Eta aurtengo datuek erakusten dute, berriz ere, milioika pertsonak aukeratuko dutela bidea, bai etxera itzultzeko, bai oporretan gozatzeko.



