Europako Batzordeak adierazi duenez, TikTok-en erabilerak mendekotasuna sortzen du, eta horren eragile nagusiak dira funtzio batzuk: pantailan amaierarik gabeko korritzea, bideoen erreprodukzio automatikoa, notifikazio sistematikoak eta erabiltzailearen gustuetara egokitutako gomendio-sistema oso pertsonalizatua.
«Plataformak erabiltzaileari etengabe eduki berriak eskaintzen dizkionez, garuna “pilotu automatikoan” jartzen da, eta horrek auto-kontrolaren galera eta portaera konpultsiboa eragin ditzake», ohartarazi du Batzordeak, ikerketa zientifikoetan oinarrituta.
Ebaluazio eskasaren eta kontrol faltaren ondorioak
Europar Batzordearen lehen ondorioen arabera, TikTok-ek ez zuen behar bezala ebaluatu diseinu aditibo horrek erabiltzaileen ongizate fisiko eta mentalean –bereziki adingabe eta erabiltzaile kalteberengan– izan zezakeen eragina. Horrekin batera, azpimarratu dute TikTok-ek ez zituela kontuan hartu zenbait adierazle garrantzitsu, hala nola gaztetxoek gaueko orduetan aplikazioan emandako denbora edo aplikazioa zenbat aldiz irekitzen duten.
Batzordearen esanetan, «TikTok-ek ez du arriskuei aurre egiteko neurri arrazoizko, proportzionatu eta eraginkorrik ezarri», eta gehitu du pantaila-denboraren kudeaketarako tresnak eta gurasoen kontrol-tresnak «ez direla eraginkorrak mendekotasuna saihesteko».
Diseinua aldatu beharra eta isunen aukera
Europako Batzordeak uste du TikTok-en oinarrizko diseinua aldatu behar dela, mendekotasuna eragiten duten funtzio batzuk, hala nola desplazamendu infinitua, denborarekin desgaituz. Era berean, pantaila atsedenaldi eraginkorrak ezarri beharko lituzke, baita gomendioen sisteman aldaketak egin ere.
Bruselak argitu du ikerketa oraindik ez dela amaitu, baina ohartarazi du, ondorioak berretsiz gero, TikTok-i zigor ekonomiko handiak ezar dakizkiokeela. Zigorra %6rainokoa izan liteke TikTok-en urteko diru-sarrera globalen arabera, arau-haustearen larritasunaren eta iraupenaren arabera.
TikTok-en erantzuna: «deskribapen faltsua»
TikTok-ek ukatu egin du Batzordeak aurkeztutako iritzia, eta haren arabera, «ikerketa deskribapen faltsu eta oinarri gabe batean oinarritzen da». Konpainiaren bozeramaile batek adierazi duenez, «beharrezko neurri guztiak hartuko ditugu aurkikuntza horiek gezurtatzeko eta gure posizioa defendatzeko».
Ikerketaren testuingurua
2024ko otsailaren 19an zabaldu zuen Europar Batzordeak ikerketa-prozedura TikTok-en aurka, Susmo zuten Digital Services Act legea urratzen ari zela. Ikerketak ez du diseinu aditiboa soilik aztertzen; era berean, begiralean ditu gomendioen sistemek eragiten duten ‘sagu-zulo efektua’, adingabeek beren adinari egokitutako edukirik ez jasotzeko arriskua, eta plataformek haurren pribatutasuna eta segurtasuna bermatzeko duten betebeharra.
Bruselaren arabera, TikTok-ek oraindik bere burua defendatzeko aukera du eta ikerketa-dokumentuak aztertu eta bere iritzia idatziz aurkez dezake.



