AEBtako Kongresuak behartuta, Jeffrey Epsteinen auziarekin loturiko hiru milioi dokumentu publiko egin dira azken asteetan. Argitalpen horien artean badaude 180.000 argazki eta 2.000 bideo ere. Dokumentuek agerian utzi dute nola politikari, finantza-arduradun, eliteko kirolari, aristokrata eta showbiz-eko izar askok urte luzez parte hartu zuten neskatila ahulen aurkako abusu sexualen sare batean, Epsteinen gidaritzapean.
Argitalpenak atzerapenarekin eta zentsurarekin, Kongresuaren presiopean
Agiriak urtarrilaren 30ean argitaratu ziren, AEBtako Justizia Sailak Trumpen garaian ezarritako legezko epea bete gabe. Hori dela eta, Kongresuak presioa egin zuen dokumentuak argitara emateko, Donald Trumpek hasieran ezezkoa eman bazuen ere.
Epsteinen izena ia bost mila aldiz agertzen da agirietan, eta haren lagun minen artean aipatzen da presidente ohia bera ere. Agiri askotan izenak edo paragrafoak zentsuratuta badaude ere, zenbait kasutan biktimen datu sentikorrak agerian geratu dira, Kongresuak aurkakoa agindu bazuen ere. Justizia Saileko fiskal-orde Patrick Davisek iragarri duenez, «Kongresuko bi ganberek eskuragarri izango dituzte agiri osoak, baina irakurketa-gelan, gailu elektronikorik gabe».
Epsteinen heriotza eta inpunitatea
Finantza-gizon aberatsa eta Trumpen adiskidea zen Jeffrey Epstein 2008an atxilotu zuten lehen aldiz, eta 2019an berriz. Bigarren aldian, trafiko sexuala leporatuta espetxeratu zuten eta urte hartako abuztuaren 10ean, bere ziegan hil zen. Bertsio ofizialaren arabera, suizidioa izan zen, baina auziaren inguruan zalantza asko piztu dira ordutik.
Orain arte, kasuak ez du ia ondorio penalik izan. Epsteinek berak eta bere konplize eta bikotekide Ghislaine Maxwellek soilik jaso dute zigor judizialik. Maxwellek 20 urteko kartzela zigorra betetzen du adingabeak abusatzeko sare bat antolatzeagatik.
Biktima entzutetsu baten heriotza eta liburuaren argitalpena
Virginia Giuffre, Epsteinen biktimetako bat, iaz suizidatu zen. 2015ean sortu zuen “Victims Refuse Silence” elkartea, eta bere testigantzak hedabide askotan eman zituen ezagutzera. Haren arabera, Erresuma Batuko orduko printze Andresek ere abusatu zuen beraz. Haren heriotzaren hiru hilabete ondoren argitaratu ziren bere memoriak: ‘Nobody’s Girl’.
Elite politiko eta ekonomikoaren izenak mahai gainean
Argitaratutako agiriek eliteko izen ugari biltzen dituzte: Woody Allen, Kevin Spacey, Bill Gates edota Elon Musk, azken horrek Epstein-i «zure uharteko festa basatiena noiz izango den?» galdetu baitzion e-mail bidez. Trumpen finantzatzaile nagusienetakoa da Musk, eta hari loturiko agiriek arreta piztu dute.
Alderdi Demokratako kideak ere ez dira salbu: Hillary eta Bill Clinton Kongresuan deklaratzera deituak izan dira. Azkenaldian, Clintonek jarrera aldatu eta epaileekin kolaboratzea onartu dute.
Espainiako Estatuan ere badaude izen ezagunak agirietan: Jose Maria Aznar presidente ohia eta haren iloba Alejandro Agag, edota Astrid Gil-Casares enpresaria. Frantziako Jack Lang ministro ohia eta bere alaba ere ikertzen ari dira fiskaltzan, dirua zuritzea egotzita.
Europan lehen ondorioak eta familia errealaren zartatzea
Erresuma Batuko ex-printze Andrewk Royal Lodge utzi du, eta Norvegiako printzesa Mette-Maritek mila dokumentutik gora ditu bere izenean. 2012an, Epsteini e-mail bat bidali zion galdezka ea «desegokia ote zen ama batek bi emakume biluzik surf-taula batekin jartzea semearen pantaila-irudian». Norvegiako lehen ministroak berak kritikatu du jarrera hori.
Gero eta gehiago dira Europako herrialdeetan agertzen diren izenak, eta litekeena da han ematea lehen ondorio judizialak. Bitartean, AEBtan oraindik ez dago kasuaren inguruko ikerketa penalik martxan, Kongresuak egindakoa salbu.



