Espainiako Kongresuak aurrerapauso garrantzitsua eman du astearte honetan gidariek odolean eduki dezaketen alkohol tasa maximoa murrizteko. Izan ere, gaur egungo odoleko 0,5 gramo litroko muga, 0,2 gramora jaisteko lege proposamena tramitera onartu dute diputatuen gehiengoaren babesarekin. Proposamenaren aldeko boto gehienak PSOEren eta beste zenbait alderdirenak izan dira, PPk abstentzioa hautatu duen bitartean, eta Vox izan da kontrako boto bakarra eman duen alderdia.
Neurri honekin batera, trafikoaren segurtasunagatik egiten diren polizia kontrolen kokapena sare sozialetan edo bestelako hedabide publiko zein pribatuetan zabaltzea ere debekatuko du lege berriak.
Zein izango da alkoholaren muga berria?
Proposatutako aldaketak Trafikoari eta Bide Segurtasunari buruzko Legean egingo dira. Zehazki, alkohol-tasaren mugari dagokionez, proposamena onartuz gero, 0,2 gramo litroko izango da odolean gehienez onartutako alkohol kantitatea. Aire espiratuan, berriz, 0,1 miligramo litrokoa izango da gehieneko tasa berria.
Baimendutako tasa gainditzen duten gidariak 1.000 euroko isuna ordaindu beharko dute, proposamenak jasotzen duenez.
Kontrolen kokapena zabaltzea debekatuta
Bestalde, legeak aldaketa garrantzitsu bat ekarriko du sare sozialetan kontrolen kokapena zabaltzen duten pertsonen aurka. Lege berriak esplizituki debekatuko du edozein modutan zabaltzea alkohola eta drogak kontrolatzeko poliziaren kontroletako kokapena, baita segurtasun-arrazoiengatik egiten diren gainerako kontrolena ere.
«Ez da gutxi edatea, baizik eta ezer ez edatea»
PSOEko Manuel Arribas diputatuak aurkeztu du proposamena eta gogorarazi du neurri hau Europako beste herrialdeetan –besteak beste, Suedian eta Norvegian– ezarrita dagoela. «Ez da gutxi edateaz ari, baizik eta ezer ez edateaz bolantean», nabarmendu du Arribasek, eta gehitu du ikerketa zientifikoek argi uzten dutela odoleko alkohol-tasa 0,1 eta 0,5 gramo litro artekoa denean, hiru aldiz handiagoa dela istripu larri bat izateko probabilitatea.
Gainera, Diputatu Sozialistak estatu espainiarreko Toxikologia Institutuaren txostenak aipatu ditu: «trafiko-istripuetan hildako gidarien %33k positibo eman zuten alkoholean, eta harrapatuta hildako oinezkoen artean, %29k ere alkohola zuten odolean».
«Bizitzak salbatzea helburu»
Arribasek alderdi guztiei dei egin die «errealitate dramatiko honi aurre egiteko» eta «familia askori mina aurrezteko» neurri hau babesteko.
Alderdi Popularraren izenean, Bella Verano diputatuak proposamena kritikatu du eta esan du «eragin txikia» izango duen neurri bat dela. Bere esanetan, Gobernuak eta PSOE-k sortutako «kezka-desbideratzea baino ez da, Trafikoko Zuzendaritza Nagusian gauzak gaizki egiten ari direla estaltzeko».
Voxeko diputatu Francisco Jose Alcarazek, bere aldetik, neurriaren aurka azaldu da eta gogor kritikatu du gobernua, esanez «neurri hauek dirua biltzeko helburuarekin» aurkeztu dituztela. Diputatu honek erabilitako hainbat esaldi gogor Kongresuko presidenteak aktatik erretiratu behar izan ditu.
Proposamena aurrera doa, aldaketa proposamenak bidean
PNV, Junts, ERC eta Sumar alderdiek proposamenaren alde egin dute, baina jakinarazi dute aldaketa eta hobekuntzak egiteko emendakinak aurkeztuko dituztela legearen tramitean zehar.
Orain, proposamena tramitera onartu denez, hurrengo asteetan Kongresuan eztabaidatuko da zehaztasunez eta behin betiko testua zehaztuko dute. Neurri hauek guztiak onartzen badira, datozen hilabeteetan sartu ahal izango dira indarrean.