Atzo zabaldu zuen Enviri korporazio estatubatuarrak Steelphalt izeneko lantegia, Aiara eskualdeko (Araba) Murgako industrialdean, aspaldian abandonatuta zegoen 30.000 metro koadroko eremuan. 13 milioi euroko inbertsioa egin ondoren, instalazio berria martxan da dagoeneko, eta altzairugintzatik sortutako hondakinak erabiliko ditu lehengai gisa asfaltoa ekoizteko. Enpresak 15 lanpostu zuzenean sortu ditu eta beste hainbat zeharka.
Ekologia eta iraunkortasuna ardatz
Inaugurazio-ekitaldian, Mikel Barandalla Steelphalteko zuzendariak azaldu zuen Erresuma Batuan hiru lantegi dituztela antzeko jarduera burutzen, eta orain Euskal Herrian ireki dutela lehenengoa. «Euskal Herria aukeratu dugu, bertako garapen ekonomikoa eta sektorearen indarra kontuan hartuta, baita jasotako laguntza instituzionala ere». Zehazki, Next Generation europar funtsetatik 2,4 milioi euroko laguntza izan dute.
Barandallak adierazi zuen, gainera, inguruko altzairutegiekin akordioak egin dituztela orain arte alferrik galtzen ziren hondakinak aprobetxatzeko. Urtero 190.000 tona hondakin jasotzeko ahalmena dauka lantegiak, hau da, gutxi gorabehera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan sortzen diren hondakin guztien erdia.
Asfaltoa egiteko prozesua bi zatitan banatuta dago: lehenengoan zepak tratatu eta agregakin bihurtuko dituzte, eta ondoren materiala trinkotu egingo dute azken emaitza lortzeko. Produktuaren %95 material birziklatua dela azpimarratu zuen Barandallak, eta epe laburrean %98ra heltzeko lanean ari direla ere aurreratu zuen. Horretarako, ikerkuntzarako laborategi bat ere jarri dute instalazio berrian.
Asfalto konbentzionala baino kalitate handiagokoa
Steelphalteko arduradunaren arabera, asfalto ekologiko honek ohiko asfaltoren aldean higadura erresistentzia handiagoa eta bizi iraupen luzeagoa ditu: «Asfalto konbentzionalak bost urtean behin berritzeko beharra izaten du, gure asfaltoak, ordea, sei urtean behin berritzeko gaitasuna dauka».
Gainera, ingurumenarentzat mesedegarria da harrobietako lehengaiak ustiatu beharrean hondakin birziklatuak erabiltzeak: «Harrobiak gutxiago ustiatuko dira eta horrek ekosistemak zaintzeko aukera ematen digu», gaineratu zuen.
Eskualdeari bultzada ekonomikoa
Ekitaldian izan ziren Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Imanol Pradales, Industria sailburua, Mikel Jauregi, Arabako ahaldun nagusia, Ramiro Gonzalez, Espainiako Gobernuak Araban duen ordezkaria, Marisol Garmendia, eta Aiarako alkatea, Prudencio Otegi. Lehendakariak proiektuaren garrantzia azpimarratu zuen, eskualdearen industrializazioan eta deskarbonizazioan duen eragina goraipatuz: «Industria gehiago eta industria hobea. Deskarbonizazio prozesuak bultzatu behar ditugu, baina inor atzean utzi gabe».
Aiaraldeak azken urteotan industria-jardueraren beherakada nabarmena jasan du eta hainbat enpresen itxiera bizi izan ditu, azkena Laudioko Guardian Glass izan zen, urtarrilean. Ondorioz, hainbat eragilek industrializazio-plan berezia eskatu dute eskualdearentzat. Eusko Jaurlaritzak, hain zuzen ere, 2022tik martxan du eskualdearen garapena bultzatzeko 24 milioi euroko egitasmoa.
Amaitzeko, lehendakariak Europan abian dagoen industrializazio-prozesuak Aiaraldearentzat eta Euskal Herriarentzat sortzen dituen aukerak aipatu zituen: «Aukera hau aprobetxatu behar dugu, lehiakortasuna hobetzeko eta trantsizio ekologikoa modu orekatu eta justuan egiteko».