Udaberri astronomikoak hasiera eman dio dagoeneko; atzo, martxoak 20, goizeko 10:00etan hasi zen ofizialki, eta ia 93 egun iraungo ditu, ekainaren 21eko 22:42ra arte. Garai honetan, egunaren eta gauaren iraupenak berdindu egiten direla azaldu du Jose Angel Docobo Santiagoko Unibertsitateko Ramon Maria Aller Behatoki Astronomikoko koordinatzaile zientifikoak: «Eguzkia ekialdetik zehazki irten eta mendebaldean zehazki ezkutatzen da». Hala ere, argitasunak gaua baino gehiago irauten duela zehaztu du, eguzkia atera aurreko eta sartu ondorengo argiari esker.
Gainera, Docobok gogorarazi duenez, «aurtengo Pazko Igandea, apirilaren 20an izango da, udaberriko lehenengo ilargi betearen (apirilaren 13an) ondorengo igandea baita». Egun hori ilargiaren zikloarekin zuzenki lotuta dago.
Eklipse partziala martxoaren 29an
Bestalde, datorren astean fenomeno astronomiko berezia izango da ikusgai Euskal Herrian. Martxoaren 29an, larunbatean, eguzki eklipse partziala izango da, eta 2026. urtean izango den eklipse total bati hasiera emango dio. Azken hau, hain zuzen ere, Iberiar penintsulan izango den lehen eguzki eklipse totala izango da 1912ko apirilaren 17tik.
Virginia Garcia, Aranzadi Zientzia Elkarteko Astronomia saileko kideak azaldu duenez, «eklipsea partziala izango da, eta eguzkiaren goialdean ‘hozka’ bat bezala ikusiko da; eguzkiaren %22 ezkutatuko da». Fenomenoaren lehenengo kontaktua goizeko 11:00etan hasiko da, eta momenturik gorenena 11:30ak inguruan izango da. Amaiera 12:30ean izango du.
Aranzadiko Astronomia eta Astrofisika sailak eklipsearen jarraipena egiteko ekitaldi publiko bat antolatu du, Donostiako Zorroaga gainean dituen instalazioetan. Ekintza 10:00etan hasiko da azalpenekin, eta bertan, eklipseen funtzionamendua eta etorkizunean izango diren fenomeno astronomikoen inguruko azalpenak emango dituzte. Bai azalpenak bai behaketa publikoa doakoak izango dira, aforoa bete arte.
Eguraldiak laguntzen badu, Aranzadiko Astronomia taldeko kideek euren teleskopioak jarriko dituzte herritarren eskura, fenomenoa gertutik jarraitzeko aukera eskainiz. Baldintza meteorologiko txarrak baleude, eklipsearen jarraipena urrutitik egingo da programa astronomikoen bidez, Aranzadiko instalazioetan.
2026ra begira: eklipse totala eta turismo astronomikoa
Garciak azaldu duenez, «2026ko abuztuan, Iberiar penintsulak eguzki eklipse total bat hartuko du. Mundu mailako turismo astronomikoa mugitzen hasia da dagoeneko data hori dela eta». Beraz, hurrengo urteetako gertakari astronomiko garrantzitsuenetako bat izango da eklipse hori, eta asko izango dira fenomenoa bertatik bertara ikustera etorriko direnak.