Asteazken arratsaldean egin zuten Ataunen Palestinaren aldeko lehen bilera herrikoia. Herritar talde batek sustatutako ekimen berriaren helburua, herrian sentsibilizazioa sustatzea eta Palestinako egoera latzari buruzko kontzientzia piztea da. Lehen topaketa horrek ateak zabaldu dizkio elkartasunez eta justiziaz jantzitako dinamika berri bati.
Gertakari latzen aurrean, herri mailako erantzuna
Ekimenaren bultzatzaileek adierazi dutenez, «ez da erabaki isolatu bat izan», baizik eta Israelek Palestinan daraman erasoaldiaren larritasunak bultzatuta sortutako ekimena da: «Israelek su-etena apurtu baino lehen egin genuen deialdia, larria baitzen dagoeneko Israel Palestinan aurrera eramaten ari zen genozidioa. Azken egunetako gertakariek, ordea, are gehiago indartu dute gure konpromisoa».
Israelgo armadak azken egunetan eragindako biktimen zenbatekoa azpimarratu zuten bileran: 600 palestinar hil dituzte, eta antolatzaileek datua Ataungo errealitatera ekarri zuten: «San Gregorio eta Aia auzoetako biztanleen proportzio bera litzateke. Horrelako datuak normalizatu direla uste dugu, eta horixe da kontzientzia piztu nahi duguna».
Ataunetik abiatu eta herri guztira iritsi nahi duen plataforma
Bilera horretan aurkeztu zuten asmo nagusia: herriko auzo guztietara iritsiko den plataforma bat eratzea, epe motzean talde egonkor bat osatzeko helburuarekin. Plataforma horren bidez, herritarrei informazioa helarazi eta mobilizazioak antolatu nahi dituzte, elkarlanean eta ikuspegi kolektibotik.
Antolatzaileek herriko talde sozial, sindikal eta politikoekin harremanak estutzeko borondatea adierazi zuten, «ekintzen plangintza kolektiboa» gauzatzeko. Hala, hurrengo hilabeteetan manifestazioak, hitzaldiak eta ekitaldi kulturalak antolatzeko asmoa dutela iragarri zuten.
Herri txikietan elkartasunak ere sustraiak bota ditzake
Ataunen gisako herri batean horrelako ekimen bat martxan jartzea ez da beti erraza, eta antolatzaileek onartu dute erronka handia dela: «Populazioa txikiagoa izanik, jendea mobilizatzea zailagoa izan ohi da. Baina gu ez gara jendetza bila ari: talde txiki batek, konpromiso sendoarekin, gauza handiak egin ditzake».
Parte-hartzea funtsezkoa izango dela nabarmendu zuten: «Bileretara etorrita, ideiak partekatuta edo antolakuntzan lagunduta edonork egin dezake ekarpena. Ez dugu asmo handiegirik; nahikoa litzateke gutxieneko talde bat osatzea eta jarduera erregularrak egitea».