Kolon eta ondesteko minbiziaren detekzio goiztiarra funtsezkoa da gaixotasun honen aurrean bizirauteko, baina EAEko 190.000 lagunek baino gehiagok ez dute parte hartu horretarako Osakidetzak eskaintzen duen baheketa-programan.
Arabako eta Bizkaiko Minbiziaren Aurkako Elkarteek emandako datuen arabera, nahiz eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoan %100ean ezarrita dagoen kolon minbiziaren baheketa-programa, gonbidatutako herritarren %29,6k ez dute proba egitera joateko gonbidapena onartzen.
2024an, guztira, 2.131 kasu berri diagnostikatu ziren EAEn: 1.285 gizonezko eta 847 emakumezko. Horietatik 1.126 Bizkaian izan ziren eta 312 Araban.
Detekzio goiztiarra: bizirauteko aukera handiena
Elkarteen arabera, kolon minbizia garaiz atzemanez gero, gaixoen %90ek baino gehiagok biziraun dezakete. Hala ere, oraindik ere 190.000 pertsona inguruk uko egiten diote baheketa-programan parte hartzeari, eta horrek arrisku handiagoa dakar gaixotasuna garatzeko zein minbiziaren ondorioz hiltzeko.
Horren harira, martxoaren 31n ospatzen den Kolon Minbiziaren Prebentzioaren Mundu Egunaren harira, ‘Egin zure ekarpena kolon minbizia atzemateko’ izeneko kanpaina jarri dute martxan. Helburua, Test de Sangre Oculta en Heces (TSOH) izeneko probaren parte-hartzea areagotzea da.
Proba sinplea eta minik gabekoa
Proba hau 50 eta 74 urte bitarteko pertsonei zuzenduta dago, eta etxean bertan egin daiteke. Ez da inbaditzailea eta ez du minik ematen. Gorotzetan ikusten ez den odolaren presentzia neurtzen du, eta horrela, oraindik sintomarik eman ez duten lesioak garaiz atzemateko aukera ematen du.
Detekzio goiztiar horrek sendatzeko aukerak handitzen ditu, eta gaixotasuna aurreratuta dagoenean baino askoz tratamendu eraginkorragoak ahalbidetzen ditu.
Tokian tokiko kanpainak eta herritarren inplikazioa
Bizkaiko Minbiziaren Aurkako Elkarteak hainbat herritan sentsibilizazio-kanpainak jarri ditu martxan, Osakidetzaren gonbidapenekin bat eginez. Arabako elkarteak, berriz, martxoaren 31n karpa informatiboa jarriko du Gasteizko General Loma kalean, eta urtean zehar hitzaldi eta topaketak egingo ditu arrisku-tarteko pertsonekin, proba egiteko animatzeko eta zalantzak argitzeko helburuarekin.
«Prebentzioa da tresna eraginkorrena. Horregatik, funtsezkoa da herritarrek euren osasunaren alde pauso sinple hau ematea», adierazi dute elkarteek.