Azterlanak dioenez, gehien kaltetu den adin tartea 40 eta 49 urte artekoa da, eta horien artean jasotako testigantzen %37k sexu-indarkeria bizi izan dutela onartu dute. Hala eta guztiz ere, adinaren arabera aldatu arren, emakumeen erdiek baino gehiagok bizi izan dute bortxa moduren bat lanean.
Erasoen tipologiari dagokionez, %81,4k jarrera desegokiko iruzkinak jasan dituzte, %49,5ek kontaktu fisikoa, eta %22,3k eraso digitalak edo sare sozialetan jasotakoak.
Isiltasunaren kultura: salaketarik gabe, babesik gabe
Txostenaren arabera, biktimen %92k ez du salaketarik jarri. Horren atzean, batez ere, beldurra, ziurgabetasuna eta informazio falta daude. CIMAren arabera, «emakume askok ez dakite zein mekanismo legal dauden eskuragarri, eta sistemak ez ditu behar bezala babesten».
Gainera, salaketa jarri dutenen artean, %77k “oso txartzat” jo dute jasotako arreta, eta %64k ez dute ezagutzen beren lantokietan indarkeria prebenitzeko protokolorik. Are gehiago, ‘bakarrik bai da bai’ legearen testuinguruan, soilik %24,4k ezagutzen dituzte ongi beren eskubideak.
Boterearen abusua eta sistemaren inpunitatea
Inkestatutako emakumeen artean, %76,3k adierazi dute hierarkia-posizioetan daudenek sarritan abusatzen dutela beren botereaz, eta %64,4k uste dute salaketak ez direla serio hartzen industriaren barruan. 20 eta 29 urte bitarteko emakumeen artean, datu hori %80ra igotzen da.
«Indarkeria sexuala jardun profesionalaren parte naturaltzat hartzen da sarritan», azaldu du Nerea Barjola ikerketaren egileetako batek. «Emakume gazteek, gainera, doble biktima izaten dira: babes gabe eta manipulazioaren mende».
Industria osoko arazo estrukturala
CIMAren arabera, sektore guztietan ematen dira indarkeria egoerak: zuzendaritza, interpretazioa, artea, makillajea, soinua, gidoia, ekoizpena, postprodukzioa… eta denetan errepikatzen da eredu bera: baimena, boterea eta isiltasuna uztartzen dituen egitura bat.
Barjolak nabarmendu du: «Askotan, aktore edo zuzendari bati miresmena diotenean, emakumeek ez dute benetako baimen askearen jarrera izaten. Kontrakoa, askotan sentitzen dute zerbait egin behar dutela lan aukerak izateko».
Lana, arriskuan
Ikerketa aurkeztu aurretik, Barbara Tardon ikerketaren beste egileetako batek eskatu dio Espainiako Lan Ministerioari sexu-indarkeria lan-arrisku modura aitortzeko. Azken txostenaren ondorioa garbia da: «Zinemaren eta ikus-entzunezkoen sektorean gertatzen diren sexu-indarkeriak egiturazkoak, normalizatuak eta ikusezin bihurtuak dira, eta premiazkoa da erantzun koordinatua, integrala eta eraginkorra ematea».