Gipuzkoako Lurraldebus zerbitzuak linea berri bat jarri du abian astelehen honetan, Zumarraga, Beasain eta Ordizia Tolosarekin eta Donostiarekin konektatuko dituena. Astelehenetik ostiralera 06:15ean hasiko da zerbitzua, eta 21:15 arte egongo da aktibo bi noranzkoetan.
Asteburu eta jaiegunetan, berriz, autobusek bi ordutik behin egingo dute ibilbidea, goizeko 08:15etik iluntzeko 22:15era arte.
Ibilbidea eta geldialdiak
Ibilaldia Zumarragako tren geltokitik abiatuko da, eta igotzeko aukera emango du Beasaingo eta Ordiziako tren geltokietan. Tolosara iritsita, Santa Klara komentuan jaitsi ahal izango da jendea. Donostiara heldutakoan, autobusa Ibaeta auzoan sartuko da, Psikologia Fakultatean geldialdia eginez, eta ibilbidea autobus geltokian amaituko du. Bueltako bidean, Tolosako Rondilla kalean izango da igotzeko geldialdia, baina bertan jaisteko aukerarik ez da izango.
Prezioak eta bidaia denborak
Linea berriko ibilbide osoak ordu eta laurdeneko iraupena izango du. Mugi txartel pertsonalizatua dutenek 1,37 euro ordainduko dute bidaia bakoitzeko, Mugi anonimoa erabiltzen dutenek 1,80 euro, eta hobaririk gabeko txartel arruntarekin bidaiatuz gero, prezioa 5,10 eurokoa izango da.
Eskualdeko mugikortasunean aurrerapauso nabarmena
Azahara Dominguez Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako diputatuak azpimarratu du linea berriak «goierritarrek aspaldidanik egindako eskaerei erantzuten diela» eta «Urola Garaiko eta Tolosaldeko konektibitatea hobetuko duela». Era berean, «lurralde kohesiorako urrats estrategikoa» dela adierazi du.