Eusko Jaurlaritzak laguntza ekonomiko berria iragarri du Adimen Artifizialak sortzen dituen erronkei aurre egiteko. Zazpi milioi euro banatuko dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eguneroko jarduneko komunikabideen artean, desinformazioari aurre egiteko eta informazio fidagarria sustatzeko.
Kazetaritza independentea, gizartearen oinarri
Jaurlaritzak argi du: Adimen Artifiziala aukera teknologiko garrantzitsua da, baina bere erabilerak informazioaren kalitateari eta herritarren eskubideei kalte egin diezaieke. Hori dela eta, Imanol Pradalesen gobernuak adierazi duenez, «hedabideek funtsezko zeregina dute egiazkotasuna bermatzeko eta balio demokratikoak indartzeko».
Laguntza-lerro honek eguneroko informazioa eskaintzen duten euskal komunikabideak indartu nahi ditu, prentsa idatzia, digitala, irratia nahiz telebista izan.
Eskabide epea: maiatzaren 13tik ekainaren 12ra
Diru-laguntzak jasotzeko aukera izango dute EAEn egoitza edo ordezkaritza duten hedabideek, baldin eta tokiko edo eskualdeko gaurkotasuneko edukiak eskaintzen badituzte eta, gainera, ekoizpenaren gutxienez %15 bertakoa bada.
Baldintzen artean dago baita ere gutxienez bost langile izatea 2024ko abenduaren 31n, eta enplegu hori mantentzea diruz lagundutako jarduerek irauten duten bitartean. Eskabideak aurkezteko epea maiatzaren 13tik ekainaren 12ra izango da, eta deialdia maiatzaren 12an argitaratuko da EHAA buletinean.
Bi laguntza-lerro komunikabideen tamainaren arabera
Zazpi milioiko aurrekontua bi atal nagusitan banatuko da:
- Sei milioi euro hedapen handiko komunikabideentzat: gutxienez 25.000 erabiltzaile edo irakurle, edo irratien kasuan, 5.000 entzule euskara hutsean, betiere CIES audientzia datuen arabera.
- Milioi bat euro tokiko edo eskualdeko informazioa eskaintzen duten hedabideentzat:
- 700.000 euro, 4.000 erabiltzaile edo gehiago dituztenentzat
- 300.000 euro, 4.000 baino gutxiago dituztenentzat
Informazio fidagarriaren aldeko apustua
Lakuaren iritziz, egungo testuinguruan, kazetaritza independentea eta profesionala funtsezkoa da herritarrek informazio fidagarria jasotzeko. Horregatik, laguntza hauek ez dira soilik sektore ekonomiko baten babesa: demokraziaren defentsa tresna gisa ulertzen dira.