Teknologiaren presentzia gero eta zabalagoa da ikasgelan, baina galdera gero eta ozenagoa da: nora garamatza digitalizazioak hezkuntzan? Aukera bat al da, ala arriskua bihurtzen ari da? Euskal Herrian, gero eta ahots gehiagok exijitzen dute norabidea aldatzea.
Gela barrutik datorren zalantza
Ez dira soilik gurasoak, sindikatuak edo herritar aktibistak: gero eta irakasle gehiagok diote “egungo digitalizazio eredua ez datorrela bat hezkuntzaren helburu pedagogikoekin”. Altxa Burua eta HezkuntzArtea moduko mugimenduak horren erakusle dira, baina haien mezua oihartzun handiagoa izaten ari da: ikasteko baino gehiago, kontrolatzeko eta kontsumitzeko eredu bat hedatzen ari dela salatzen dute.
Diskurtso ofiziala: aurrerapausoa ala kontraesan?
Lege-testuak eta estrategiak ez dira falta. EAEko Hezkuntza Lege berriak digitalizazio etikoaren eta arduratsuaren printzipioak jasotzen ditu. Baina zer gertatzen da praktikan?
Google-rekin sinatutako hitzarmenak –ikasleen datu pertsonalak arriskuan jartzen zituela ebatzi zuen Datuen Babeserako Euskal Agintaritzak– agerian utzi du legearen eta errealitatearen arteko arrakala.
IRADI proiektua: aukera galdua ala oraindik baliatu daitekeen tresna?
Hitzarmen polemiko haren ondoren sortu zen IRADI proiektua: tresna libre, garden eta berrerabilgarrietan oinarritutako plataforma bat, EAEko hezkuntza sistemarentzat. Hala ere, sortu zenetik galdera gehiago sortu du erantzunak baino:
- Zergatik ez da sortu komunitate tekniko eta pedagogikoarekin elkarlanean?
- Zergatik Microsoft bidezko autentifikazioa plataforma “libre batean”?
- Zergatik ez da digitalizazio-plan zaharra egokitu lege berrira?
Horren aurrean, 2025eko martxoan, EH Bilduk, EAJk eta PSEk IRADIri bultzada emateko akordioa sinatu zuten. Baina sinadurak ez dira nahikoa: benetako aldaketak behar dira eskoletan, eta horretarako borondate politikoa, baliabideak eta gardentasuna behar dira.
Bada beste modurik? Bai, eta gertutik
Beste lurralde batzuetan hezkuntza digitalizatzeko modu alternatiboak errealitate dira. Kataluniako DD Xnet plataforma, Madrilgo EducaMadrid, edo Frantzian sortutako La Digitale tresna sorta horren adibide argiak dira: software librean oinarrituak, datuen burujabetza bermatzen dutenak, eta kontrol korporatibotik kanpo garatuak.
Eredu horiek erakusten dute posible dela hezkuntza komunitatearentzat pentsatutako teknologia garatzea, eta ez merkatu logikari begirakoa.
Europa, software librearen bidean… baina ñabardurekin
Software librearen aldeko mugimendua Europan ere mugitzen ari da. EU OS sistema eragile propioa garatzeko proiektua martxan dago, eta zenbait estatu software jabedunetik urruntzen hasiak dira.
Baina horrek ez du automatikoki esan nahi digitalizazio burujabea gauzatuko denik. Subiranotasun teknologikoa estatu batek gidatzen badu, pribatutasunaren edo parte-hartzearen bermea ez da automatikoki ziurtatzen.
Hori salatzen du, adibidez, Xnet erakundeak, etengabe ohartarazten baitu Bruselatik datorren zenbait lege-erreformak herritarren eskubide digitalak murrizteko arriskua dutela.
Hezkuntza burujabe eta arduratsu baterako giltzak
Euskal Herrian ere haziak landatuta daude. Hezkuntza Librezale elkarteak komunitatean lan handia egin du software librea eta ikuspegi kritikoa hedatzeko. Seaskako ikastolak bide berean ari dira, eta Ikastolen Elkarteak norabide aldaketa onartu du.
Baina ez da nahikoa. Digitalizazioaren inguruko eztabaida ez da soilik tresnen gainekoa, baizik eta hezkuntza zer den, nola erabaki nahi dugun eta noren esku utzi nahi ez dugun galderen ingurukoa da.