Asmak gero eta haur gehiagori eragiten dio Euskal Autonomia Erkidegoan. Lakuako Osasun Sailak jakinarazi duenez, 2023an 3.300 kasu berri detektatu ziren bost urtetik beherakoen artean, eta gaur egun guztira 235.000 pertsona inguruk pairatzen dute gaitza Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan —hau da, EAEko biztanleriaren %10ak.
Gaur, maiatzaren 6a, Asmaren Mundu Eguna dela baliatuta, Osakidetzak bereziki nabarmendu du asmak haur eta nerabeengan duen eragina: diagnostikatutako kasuen erdia, hain zuzen, 18 urtetik beherakoengan da (%50, 117.718 kasu guztira).
Arreta koordinatua eta ikusgarritasuna
Gaitz honi erantzuteko xedez, Osakidetzak hainbat ekimen garatu ditu. Horien artean dago Haurren Asmaren Ibilbide Asistentziala, klinikarentzat erreferentziazko tresna izateaz gain, familientzat ere gida praktikoa izan nahi duena. Ekimen hori sortu zen, alde batetik, haurren artean kontsulta kopurua handia delako eta, bestetik, diagnosi eta tratamendurako irizpide komunak ezarri beharra dagoelako.
Gainera, proiektu horrek kontuan hartzen du asmak umeengan eta haien ingurukoengan duen eragin emozionala eta soziala. Bizi-kalitatearen galera, antsietatea edo depresioa bezalako ondorioak arintzen lagundu nahi du, eta, aldi berean, sentsibilizaziorako bide ere bada.
Aitorpenak eta berrikuntzak
Aipatzekoa da, halaber, Goierri-Urola Garaiko ESIko Pneumologia Pediatrikoaren Atalak bi aitorpen eskuratu dituela azkenaldian, Espainiako hainbat elkartek emandakoak: Immunologia Klinikoaren eta Asma Pediatrikoaren Elkartea, eta Pneumologia eta Kirurgia Torazikoaren Espainiako Elkartea.
Bi ziurtagiri horiek adierazten dute arreta sanitarioaren kalitatean jarritako arreta eta etengabeko hobekuntza dela Osakidetzaren helburuetako bat. «Bikaintasuna eta profesionaltasuna eguneroko jardunean islatzen dira», azaldu dute.
‘Asma Bat’ proiektuaren arrakasta
Bestalde, Barakaldo Sestao eta Ezkerraldea Enkarterri Gurutzeta ESIek garatutako ‘Asma Bat’ proiektuak diziplina anitzeko lankidetza bultzatzen du, asma akutuaren tratamenduan haurrei zuzenduta.
Proiektuaren emaitzak esanguratsuak dira: %75 hazi da gertakari asmatikoen erregistroa —haien larritasunaren arabera—, eta %50 baino gehiago igo da asma iraunkorraren sintomak dituzten umeen detekzioa.