Zigarreta elektronikoen erabilera nabarmen hedatu da azken urteotan 15 eta 35 urte bitarteko gazteen artean, eta gizonen artean ia %40ra iristen da. Lakuako Osasun Publikoko Zuzendaritzaren azken inkestaren arabera, adin tarte horretako pertsonen %34k bapeatzen du, hau da, zigarreta elektronikoak erabiltzen ditu.
Datuek erakusten dutenez, bapeagailuak ez dira tresna hutsak: gazte askorentzat kalamu kontsumoarekin ere lotuta daude. Izan ere, zigarreta elektronikoak erabili dituzten gazteen %76k adierazi du kalamua ere probatu duela noizbait.
Nikotinarekin edo gabe, kalteak hor dira
Erabiltzen diren zigarreta elektronikoen ia erdiek (%47) nikotina dute, eta ohikoenak dira jada erretzaileak diren eta 34 urtetik gorako pertsonen artean. Osasunaren ikuspegitik, baina, bapeatzeak kalte larriak eragin ditzake, eta gazteen artean ohitura zabaltzen ari dela ikusita, kezkaz ari da Osasun Saila.
Erabiltzaile askok erretzeari uzteko alternatiba moduan ikusten dituzte zigarreta elektronikoak. Hala dio, behintzat, helduen %67k. Baina Osasun Sailak argi utzi du: ez dago ebidentzia zientifikorik bapeagailuek benetan laguntzen dutenik erretzeari uzten.
‘Bapeatzea ez da broma’: kanpaina berria martxan
Kerik Gabeko Astearen harira, Osasun Sailak eta Osakidetzak kanpaina berri bat jarri dute abian: «Bapeatzea ez da broma: Bizitza izorratzen dizu». Helburua da gazteei ohartaraztea zigarreta elektronikoen arriskuez, eta, aldi berean, tabako-industriaren estrategiak agerian uztea.
Aurtengo Tabakorik Gabeko Munduko Egunaren harira, Osasunaren Mundu Erakundeak gazteak erakartzeko erabiltzen diren publizitate eta itxuraldaketa estrategiak salatu nahi ditu, lelo argi batekin: «Agerian utz dezagun haien erakargarritasuna».
Prebentzioak eta hezkuntzak duten garrantzia
Euskadin, prebentzioa oinarri hartuta, hainbat neurri indarrean dira. Besteak beste, Kerik Gabeko Guneen Sareak urtebetean bikoiztu du bere hedadura: dagoeneko 706 gune dira tabakorik gabekoak, eta 65 udalerri atxiki dira ekimenera.
Hezkuntza arloan ere lanean ari dira. 2024an, EAEko 57 ikastetxetako 4.457 ikaslek parte hartu zuten Kerik Gabeko Gazteak programan, lehen eta bigarren hezkuntzako ikasleen artean tabakoaren prebentzioa lantzeko.
Osasun sistema ere, prest laguntzeko
Erretzeari utzi nahi diotenentzat, Osakidetzak laguntza eskaintzen du: ikastaro presentzialak zein online zerbitzuak. Azken hamarkadan, 64.217 pertsonak jaso dute arreta, eta 2024an bakarrik, 12.062 pertsonak utzi dute erretzea zerbitzu horiei esker. Gehiengoa, 45 eta 64 urte bitartekoa.
Aurreko arreta banakakoa edo taldekoa izan daiteke, aplikazio bidezkoa edo telefonozkoa. Osasun Eskola atarian, gainera, tabakismoaren inguruko informazio zabala eskaintzen da herritarren eskura.