Alkohola lagun artean edatea askorentzat ohikoa den arren, biharamun zorrotza izatea ez da inoren gustukoa. Ondo pasatzea ez da edan beharrarekin lotu behar, baina edatekotan, arduraz eta neurriz egitea ezinbestekoa da. Horrez gain, ajea prebenitzeko edo arintzeko zenbait aholku praktiko badaude.
Edan aurretik: prestatzen hastea da gakoa
Gorputzak alkoholaren eraginak motelago senti ditzan, komenigarria da edan aurretik gantz eta zuntz ugariko elikagaiak jatea. Ahuakatea, dilistak edo bruselazak, adibidez, lagungarri dira alkoholaren xurgapena atzeratzeko. C bitaminan aberatsak diren elikagaiak ere laguntza handikoak dira biharamuna arintzeko.
Zer edan, eta nola?
Ez dira edari guztiak berdin. Ardo beltza, whiskia edo brandya bezalako edari ilunek aje gogorragoa eragiten dute, konposatu kimiko gehiago dituztelako. Horren ordez, vodka edo ginebra bezalako edari argiak aukeratzea hobe da. Txupitoak saihestea ere gomendagarria da, askotan neurria galtzen baita horiekin.
Eta ahaztu gabe: edari bakarra aukeratzeak eta horri eusteak laguntzen du kontrol handiagoa izaten eta urdailaren narritadura gutxitzen.
Ura: zure aliaturik onena
Alkoholak gorputza deshidratatzen du, eta horren aurrean, ura da aliaturik onena. Parranda bitartean eta ondoren ura edateak gorputzak oreka berreskuratzen laguntzen du, batez ere alkoholak kafeinarekin konbinatzen direnean.
Atseden hartzea… baina erraza ez
Lo egitea gomendagarria bada ere, alkoholak loaren kalitatea okertu dezake. Hala ere, gorputzak atsedena behar du, eta hidratatuta oheratzea lagungarria izan daiteke.
Biharamuneko gosaria: zer jan?
Ajea leuntzeko, gosari egokia funtsezkoa da. Zerealak, ogi txigortua, platanoa, ahuakatea edo eztia bezalako elikagaiak gomendagarriak dira. Arrautzek gibela garbitzen laguntzen dute eta ura, te berdea, koko-ura edo tomate zukua edateak onura dakar.
Egunean zehar, hobe da gantz saturatuak eta kafeina saihestea. Horren ordez, aukeratu oilaskoa, espinakak, izokina edo barazki hostodunak, gorputza berriz indartzeko.
Azken gomendioa
Egia esan, ajea saihesteko erarik onena da alkohola neurrian hartzea… edo zuzenean ez hartzea. Baina edatekotan, aholku hauek lagungarri izango zaizkizu biharamun samurragoa izateko.