Ekologistak Martxanek argitaratu berri du bere urteko ‘Bandera Beltzak’ txostena, eta, ohiko moduan, kostaldeko ingurumen arazo larrienak azaleratu ditu. Herrialde bakoitzari bi bandera beltz esleitu dizkio talde ekologistak: bat kutsadura kasuengatik eta bestea kudeaketa desegokiarengatik.
Superportua, kutsaduraren erdigune
Bizkaian, kutsadura dela eta bandera beltza Bilboko Superportuak jaso du, Santurtzi eta Zierbena artean luzatu nahi duten A3 eta A4 kaien zabaltze planagatik. Ekologistak Martxanen ustez, «bandera beltz hau ez luke portuak bakarrik jaso behar, baita Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak ere, baimendu, finantzatu eta legitimatu egiten dutelako Superportuak Nerbioi itsasadarrean egiten duen gehiegizko erabilera».
Gaineratu dutenez, Bilboko portu agintaritza ez da soilik enpresa bat, «lobby» gisa jokatzen du, eta «Bizkaiako diru-sarrera garrantzitsuak lortzen ditu». Gainera, Petronorrekin duen lotura zuzena azpimarratu dute: «Petronorren errefineriak, aurreko edizioetan ere bandera beltza jaso zuenak, ez luke zentzurik izango porturik gabe».
Guggenheim Urdaibai, erreserba kolokan
Bizkaiko bigarren bandera beltza Urdaibaiko Guggenheim museoa egiteko proiektuari egokitu zaio. Ekologistak Martxanek salatu duenez, «proiektu honek Biosferaren Erreserbaren suntsiketa osoa ekarriko luke». Eta ardura zuzena egozten diete Eusko Jaurlaritzari, EAJri eta Iñigo Pradales lehendakariari: «legeak aldatzen ari dira eta kostaldearen eskumenak eskuratzen, oztopoak kentzeko helburuz».
Getariako atun haztegia, itsas ingurunea arriskuan
Gipuzkoako lehen bandera beltza Getariako portutik ipar-ekialdera, 3,6 milia ingurura jarritako atun haztegi erraldoiari dagokio. Hasiera batean, Kantauriko atun gorria gizentzeko erabiliko da. Ekologistak Martxanen arabera, kezka nagusia da instalazio horren atzetik beste batzuk etor daitezkeela, itsas ingurunea gehiago kutsatuz eta narriatuz.
Taldeak kritikatu duenez, haztegi hau ez da ohiko moduan arrautzetatik hazitako atunez hornitzen: Kantauriko itsasoan ekain eta uztailean harrapatutako atun bizidunak gizentzen dituzte, eta urrian hil.
Txingudiko badia, zaintza gabe
Bigarren bandera beltza Txingudiko badiari eta bertako kudeaketa eskasari egokitu zaio. Bidasoa ibaiaren ahoan kokatutako eremu honek Gipuzkoako hegazti babestuen Z.E.P.A. (Zona Espezial Babestua) bakarra du, eta 2014an Plan Zuzentzaile bat onartu zen 2015-2026 epealdirako. Baina, Ekologistak Martxanen arabera, 2025era iritsita, plan horretan zehaztutako «premiazko» jarduerak ez dira martxan jarri: «paperean gelditu dira».