Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, istripua Altsasuko Auntzeta parajean gertatu zen, sastrakaz eta zuhaitzez betetako leku zail batean. SOS Nafarroaren larrialdi zerbitzuak 13:24an jaso zuen abisua, eta berehala aktibatu ziren hainbat talde: Altsasuko suhiltzaileak, Erreskate Teknikorako Taldea, helikoptero medikalizatu bat, Arabako suhiltzaileak eta Foruzaingoaren hainbat patruila.
Lehen ikerketen arabera, langilea zuhaitzak mozten ari zela harrapatu zuen adar batek. Kolpearen ondorioz, 45 urteko gizonezkoa bertan hil zen, larrialdi zerbitzuek ezin izan baitzuten ezer egin haren bizitza salbatzeko.
Gorpua Iruñeko Nafarroako Auzitegi Medikuntzako Institutura eraman zuten autopsia egiteko. Foruzaingoa ari da gertatutakoaren inguruko ikerketak egiten.
CCOOk heriotza salatu du
CCOO sindikatuak irmo salatu du lan istripuan izandako heriotza eta azpimarratu du «lanaren ondorioz galtzen diren bizitzek biktimarentzat eta langile klase osoarentzat dakarten injustizia onartezina».
«Gertatutakoak dimentsio handiko drama pertsonala, familiarra eta soziala dakar», gaineratu du sindikatuak ohar bidez. Era berean, Lan Ikuskaritzari eskatu dio «istripuaren inguruko azterketa zorrotza» egiteko eta, hala badagokio, «erantzukizunak argitzeko».
Bestalde, Nafarroako Gobernuari galdegin dio «segurtasunaren arloan ahaleginak areagotu ditzala, eta lan istripuen kopuru kezkagarriak gutxitzea helburu nagusitzat hartu dezala».