Gero eta argiagoa da: ozonozko geruza berreskuratzen ari da. Hala baieztatu du Alberto Redondas zientzialariak, AEMET agentziako Izañako (Tenerife) behatoki atmosferikoko kideak, Ozonozko Geruzaren Nazioarteko Egunaren harira egindako elkarrizketa batean. Aurtengo leloa «Zientziatik ekintza globalera» da, eta, hain zuzen, nazioarteko akordioen garrantzia azpimarratzeko balio du.
Montrealgo Protokoloa, mugarri historikoa
Redondasek gogorarazi du 1987ko Montrealgo Protokoloa funtsezkoa izan zela CFC gasen erabilera mugatzeko. Gas horiek hozkailuetan, aerosoloetan eta sua itzaltzeko sistemetan erabili izan dira hamarkadetan zehar, eta ozono molekulak suntsitzen dituzte estratosferan. «Hitzarmen horiek ingurumenaren babesari dagokionez mugarri bat izan dira, eta zientziatik ekintza globalerako urratsa nola eman daitekeen erakusten dute», adierazi du.
Datu aldakorrak eta arrisku berriak
Berreskuratze zantzuak nabarmenak izan arren, Redondasek ohartarazi du oraindik ezin dela lasaitu. Izan ere, faktore askok eragin dezakete oraindik ozonozko geruzaren ahultzean: sumendi-erupzio handiek, sute basatiek edota espazioko zaborrak atmosferara sartzeak kalte egin diezaiokete babes-geruza ikusezin horri. «2023an, adibidez, Antartikako zuloa azken urteetako handienetakoa izan zen; 2024an, berriz, txikienetakoa», azaldu du. 2025ean, berriz, batez bestekoaren bueltan dabil.
Horrez gain, substantzia kaltegarriak hamarkadak irauten du atmosferan. Are gehiago, azken urteetan legez kanpoko emisio batzuk antzeman dira —Txinan, 2013 eta 2018 artean, kasu— eta oraindik arautu gabeko konposatuek ere eragina dute.
Bizitzaren giltzarria
Ozonozko geruza lurrazaletik 25 kilometro ingurura dago, eta eguzkiaren erradiazio ultramore kaltegarria iragazten du. «Geruza hori gabe, DNA kaltetu egingo litzateke, eta bizitzak ezingo lukeen itsasotik lehorretara egin», azpimarratu du Redondasek. Horregatik da funtsezkoa geruza horren babesari eustea.
Zuloaren handitzeak ondorio larriak izan ditzake: gizakien kasuan, larruazaleko minbiziaren, kataraten eta sistema immunologikoaren ahultzearen gorakada ekar dezake. Ekosistemetan, ordea, planktonean eta fitoplanktonean hasiko litzateke kaltea, eta elikadura-kate osoan zabaldu. Anfibioak eta zenbait landare bereziki kalteberak dira.
Klima-aldaketarekin harreman estuan
Ozonozko geruza eta klima-aldaketa elkarri lotuta daude. Zuloak hego hemisferioko prezipitazio ereduei eragiten die, eta, aldi berean, CO₂-aren gorakadak estratosferaren hoztea eragiten du, ozonoaren suntsiketa motelduz. Hala ere, hozte horrek ozonoaren zirkulazioa ere aldatzen du, eta horrek tropikoetan ahultzea ekar dezake, ekosistemetan eta populazioetan ondorio larriekin.
Redondasen esanetan, «gaur egun, ozonozko geruzaren etsai nagusia klima-aldaketa bera bihurtu da». Horregatik, haren aurkako borroka da orain lehen mailako lehentasuna.
Kontzientzia soziala, mantentzea zailago
Adituak ohartarazi du gaur egun ozonozko zuloaren inguruko kontzientzia soziala ez dela 90eko hamarkadakoa bezain indartsua. Hala ere, prebentzio-kanpainek —bereziki larruazaleko minbiziari buruzkoek— bizirik mantentzen dute sentsibilizazioa. «Gaur egun ez da albistegietan lehen lerroetan agertzen, baina lan handia egiten da erradiazio ultramorearen ondorioen inguruan informatzeko», esan du amaitzeko.



