Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak erabaki du angula-arrantza etetea 2025-2026 kanpainarako. Neurri horren arrazoia da angula populazioaren egoera «kritikoa» dela, eta «muga biologiko seguruetatik kanpo» dagoela Euskal Herriko ibaien ekosisteman.
Erabakia ostiral honetan helarazi diete Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Angula Arrantzaleen Elkarteko ordezkariei, goizean egindako bilera batean. Sailak berak ohar baten bidez adierazi duenez, iaz Bizkaian eta Gipuzkoan guztira 198 kilo angula baino gehiago atera ziren, eta aurten, hainbat txosten eta Arartekoaren ebazpen bat kontuan hartuta, arrantza eten egingo da.
Populazioa, %7ra jaitsita
Espainiako Gobernuak Europar Batasunari aurkeztu zion azken ebaluazio-txostenaren arabera, angularen “ihes” eta “erreklutamendu” helburuak ez dira betetzen ari. 2007ko Europako Kontseiluaren Arautegiak ezarritako irizpideetatik urrun jarraitzen du espezieak.
Are larriagoa da datu zehatza: gaur egun, Euskal Herriko ibaien angula kopurua 1960ko eta 1970eko hamarkadetako populazioaren %7ra mugatzen da. Ez baitira nahikoak izan ez arrantza jarduera mugatzeko ezta ibaietako habitaten kalitatea eta konektibitatea hobetzeko neurriak ere.
Horrenbestez, espeziearen egoerak ez du oraindik susperraldirik erakusten, eta horixe berretsi du AZTI zentro teknologikoaren azken azterketak ere, Nazioarteko Itsas Ikerketarako Kontseiluaren (ICES) Angula Lantaldearen bilerarako prestatu dutena.
Arartekoaren oharra eta plan berritzeko proposamena
Joan den ekainean, Arartekoak ebazpen bat plazaratu zuen, angula-arrantzaren erregulazioa birplanteatzeko gomendioa eginez. Bere iritziz, neurriak oinarri zientifiko sendoetan oinarritu behar dira, eta EAEko Angula Kudeaketa Planaren markoan egokitu.
Gobernuak azpimarratu du plan horren eguneraketa azaroan jarriko dela martxan. Horretarako, lan-mahai berezi bat eratuko da eta bertan izango dira Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundiak, AZTI eta EHUko zientzialariak, Angulen Arrantza Elkartea eta ingurumen-taldeetako ordezkari bat. Helburua da kontserbazio-neurri eraginkorragoak adostea eta etorkizunean arrantza berreskuratu ahal izatea, betiere espeziearen egoera hobera egiten badu.
Ekologisten kritika eta babesa aldi berean
Eguzki eta Mutriku Natur Taldea ingurumen taldeek ondo hartu dute erabakia, baina kritikatu dute neurria lehenago hartu behar zela. Bi elkarteen ustez, Arartekoaren ebazpenik gabe, Lakuak saiatu egingo zatekeen arrantza mantentzen.
Beraien esanetan, Espainiako Gobernuak onartutako profesionalizazio dekretua tresna izan zen «EBko araudia saihesteko eta angula arrantzarekin jarraitzeko». Halaber, gogorarazi dute Europar Batasunak 2023an ezarri zituen neurriak: angula-arrantza profesionala mugatuta dago eta aisialdikoa debekatuta. Azken hau, izan ere, Bizkaia eta Gipuzkoako errietan onartzen zen bakarra zen orain arte.
Azkenik, bi taldeek espero dute Jaurlaritzak «benetan erakutsiko duela biodibertsitatea babesteko borondatea duela» eta Arartekoaren ebazpenak emandako aukera baliatuko duela norabide egokian pauso sendoak emateko.



