Munduko osasun agintariek ohartarazi dute bakterioek antibiotikoekiko erakusten duten erresistentzia azeleratzen ari dela, eta joera honek medikuntzaren berariazko aurrerapenak arriskuan jar ditzakeela. OMEren azken ikerketaren arabera, 2018tik 2023ra %40 hazi da fenomenoa, eta gaur egun sei infekziotik batek bakterio erresistenteak ditu. Arazoa ez da berdin agertzen leku guztietan. Afrikan, bost infekziotatik bat antibiotikoen aurrean erresistentea da, eta Asian nahiz Ekialde Ertainean hirutik bat. Datu horiek erakusten dute eremu horietan krisia bereziki larria dela, osasun azpiegiturak ere askotan ahulagoak direlako.
Antibiotiko arrunten aurrean erresistentzia
OMEk gernu-infekzioak, hesteetako gaitzak eta odoleko infekzioak tratatzeko gehien erabiltzen diren 22 antibiotiko aztertu ditu. Horien aurrean, bakterio batzuk —E.coli edo klebsiella pneumonia, besteak beste— kezka handia eragiten ari dira. Izan ere, aztertutako E.coli laginen %40k eta k.pneumoniae laginen %55ek hirugarren belaunaldiko zefalosporinei aurre egiteko gaitasuna garatu dute; hau da, infekzio horiek tratatzeko ohiko botikek gero eta eraginkortasun txikiagoa dute.
«Antimikrobianoekiko erresistentzia medikuntzaren aurrerapenak baino azkarrago hazten ari da», ohartarazi du Tedros Adhanom Ghebreyesus OMEren zuzendari nagusiak. Bere hitzetan, egoera hau kontrolik gabe zabaltzen bada, gaur egun tratamendu eraginkorra duten gaixotasunak berriz ere heriotza-arrisku bihur daitezke.
Zer egin daiteke?
OMEk argi utzi du: antibiotikoak behar denean soilik hartu behar dira, eta beti osasun-profesionalen gomendioen arabera. Horrez gain, txertoak eta higiene-neurriak funtsezkoak dira erresistentziaren aurrean: eskuak maiz garbitzea bezalako ohitura sinpleek ere transmisioa asko murriztu dezakete.