Etxean animalia bat izatea ardura handia da, baina aldi berean, berekin dakartzan onurak gero eta nabarmenagoak dira. Txakurrek eta katuek ez dute soilik konpainia eskaintzen, baizik eta eguneroko ongizate fisiko eta emozionalean eragin zuzena dute.
Azken ikerketek erakutsi dute maskotek eragina dutela gure gaitasun kognitiboetan. Ginebrako unibertsitatearen arabera, katuen konpainian bizi direnek hitz-jarioaren galera motelagoa pairatzen dute, eta txakurren jabeek memoria sendoagoa erakusten dute bai epe laburrean bai luzean. Animaliak ukitzeak ongizatearekin lotutako oxitozina hormona askatzen du, eta horrek lasaitasuna ematen du. Hori dela eta, txakur edo katu batekin bizi direnen kortisal mailak (estresaren hormona) baxuagoak dira, eta antsietatea arinagoa.
Bakardade edo depresio uneetan, maskotek laguntasun eta babes emozional handia ematen dute. Sarritan, jabeek harreman estuak sortzen dituzte haiekin, eta horri esker ez dira hain bakarrik sentitzen. Horregatik, gero eta gehiago erabiltzen dira terapia osagarri gisa: antsietatea edo trauma ondoko estresa duten pertsonekin, edota adinekoekin autoestimua eta bizitza-kalitatea hobetzeko. Txakurrak paseatzera eramateak eguneroko ariketa bermatzen du. Michiganeko ikerketa batek erakutsi du maskoten jabeek animaliarik ez dutenek baino 30 minutu gehiago egiten dutela egunean ariketa fisikoa, ibiltzera edo korrika egitera ateratzen baitira.
Maskotek arreta eta ordutegi jakinak behar dituzte: otorduak, zaintza edo paseoak. Hori dela eta, animaliak gure bizitzan sartzeak gure denboraren antolaketa hobetzen laguntzen du, eguneroko errutina osasuntsuagoa sortuz. Etxean izaki bizidun baten ardura izateak gure erantzukizuna handitzen du eta baliagarritasun sentsazioa ematen digu. Haur eta gazteen kasuan, maskotek pazientzia eta enpatia garatzeko aukera ematen dute, balio hezitzaile garrantzitsua bihurtuz. Txakur batekin paseoan joatea beste pertsona askorekin harremanetan jartzeko aukera da. Parkean edo kalean sortzen diren elkarrizketek lagun berriak egiteko parada eskaintzen dute, eta familia barruko harremanak ere estutu daitezke animaliaren zaintzan elkarbanatutako arduren bidez.
Haurren kasuan, txakurren edo katuen artean hazteak sistema immunologikoa indartzen laguntzen du. Horrek alergiak eta asma izateko arriskua murrizten du, eta osasun sendoagoa bermatzen du etorkizunerako. Txakur askok etxea babestu eta lasaitasuna ematen dute. Alarma moduan jokatzen duten kasuak ere badaude, eta zenbait animalia gaixotasunen detekzioan lagungarri izaten dira.



